KORONABIRUSA
Babes-materiala, testak eta konfinamendu neurri zorrotzagoak eskatu dituzte medikuek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Konbentzituta gaude gerra hau elkarrekin irabaziko dugula" adierazi du Espainiako Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak ohar batean.
Espainiako Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak (CGCOM) oharra kaleratu du berehala osasun arloko pertsonak babesteko materiala zabaldu dadin, baita COVID-19aren test unibertsalak ere. Era berean, herritarrentzako konfinamendu neurri gogorragoak eskatu dituzte, osasungintzako langileak "euren onena ematen ari baitira, bai maila profesionalean baita pertsonalean ere"
"Ezin dugu beste egun bat ere egon lantaldeentzako beharrezkoak diren babes neurririk gabe. Ezin dugu infekzio kasuak goraka doazela ikusten egon (kutsatu guztien %12 osasun arloko langileak dira) eta ezin dugu pandemia zabaltzen duen agente izan, une honetan jasaten ari garen material eskasia salatu gabe. Urgentziazkoa da sektorea babestea" salatu du CGCOMek ohar batean.
Era berean koronabirusaren proba diagnostikoak mediku guztien eskura egon behar dutela esan dute, bakartze eta koarentena mekanismoak martxan jarri ahal izateko.
Azkenik, konfinamendu neurri zorrotzagoak eskatu dituzte. "Alarma Egoeran gaude eta mekanismo konstituzional horrek nahikoa esaten du. Oso ondo dago zerbitzu publikoei txalo jotzea, baina derrigorrezkoa da muga guztiak onartu eta herritar gisa dugun ardura gure gain hartzea".
Ildo horretan, osasungintzako giza baliabideen politika "irmoa" eskatu dute: asistentzia sailkatzea eta mugatzea, koronabirus kasuak artatzeko zentro bereziak izendatzea eta "erkidego autonomoen artean pertsonak bereganatzeko borroka antzuetan ez sartzea, inongo lurralde gaitasunik gabe ez uzteko".
CGCOMek Espainiako Gobernuarekiko zein gobernu autonomikoekiko lankidetza berretsi du, "erronka izugarri honi aurre egiteko" baina "egun bat gehiago ere ezin gara egon medikuak COVID-19aren aurrean ahultzen dituen egoera batean" oharatarazi dute.
Herritar guztiei esker onak emanez amaitu dute oharra medikuek: "Eskerrik asko zuen esfortzu eta arduragatik, baina oraindik ere denbora luzez beharko dugu. Neurri indibidualak, familiarrak eta komunitarioak zorroztea tokatzen zaigu. Gure helburu nagusia adinekoak eta gehien behar dutenak babestea izan behar du. Konbentzituta gaude gerra hau elkarrekin irabaziko dugula"