Koronabirusa
Urkullu: "Okerrena iristear da, eta ez da alarmismoa"
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ETB2n eskainitako elkarrizketan lehendakariak adierazi duenez, apirilean hasiko dira murrizten koronabirus kasuak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, COVID-19k eragindako pandemiari dagokionez, "okerrena iristear da, eta ez da alarmismoa". Gainera, argitu duenez, apirilean hasiko dira murrizten koronabirus kasuak.
Xabier Garcia Ramsden ETBko kazetariari eskainitako elkarrizketan Urkulluk adierazi duenez, "kezkatuta" dago, "euskal gizarte osoa bezala". "Pandemia honi aurre egiteko, emandako gomendioei erreparatzea da onena", azpimarratu du. "Aholkuak jarraituta, kutsatutakoen kurba zabaltzen lagunduko dugu", ondorioztatu du.
Euskal osasun sistemaren balizko kolapsoaren gainean galdetuta, lehendakariak azaldu du lanean dabiltzala "ospitaletako edukiera handitzeko". Iragarritako neurrien artean dago "Txagorritxu Ospitaleko bost solairu koronabirusagatik gaixotutako pertsonei dedikatzea, osasun publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzea, eta ospitaleak berrantolatzea, besteak beste". Behar izanez gero, hainbat azpiegitura aurreikusi dituzte hiru lurraldeetan gaixoak hartzeko, hala nola, "BBK Fundazioaren egoitzak Bizkaian, eta Quiron Klinika Gipuzkoan".
Koronabirusaren krisian, lehendakariak azpimarratu duenez, "gure kezka bikoitza da: osasun materiala eta osasun langileak". Hori dela eta, 400.000 maskarilla erosi dituztela iragarri du, eta datorren astean beste milioi bat iritsiko dela gaineratu du.
Izurritea zabaltzea eragozteko enpresak ixtea errefusatu du Urkulluk, "koma ekonomikoan sar gaitezkeelako". "Ezin da itzalaldi ekonomikorik gertatu", esan du.
Hala ere, enpresak ixtea Eusko Jaurlaritzaren "esku ez" dagoela gogorarazi du buruzagiak. Dena den, Pedro Sanchezek erkidegoetako presidenteekin egindako bileran, "aukera hori mahai gainean izan da", onartu duenez.
"Enpresak ixteko beharrik ez dugu ikusten, ezin dugu ekonomia ahuldu, 'koma ekonomikoan' sartuko ginateke", erantsi duenez.
Espainiako Armada
Bestalde, Larrialdietarako Unitate Militarraren (UME) presentzia Espainiako Gobernuaren erabakia izan dela zehaztu du lehendakariak. Zentzu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoak baliabide propioak dituela errepikatu du, eta "zerbitzu jakin batzuetarako" Armada ez da beharrezkoa.
"Guk Euskadin gure baliabide propioak ditugu", ziurtatu du. Besteak beste, suhiltzaileak eta babes zibileko sarea aipatu ditu buruzagiak, garbiketa lanak egiteko.
Espainiako Armadak Estatuko instalazioetan soilik lan egingo duela adierazi du, Euskal Autonomia Erkidegoak baliabide eta profesionalak baititu beharrezkoak diren lanak aurrera eramateko.
"Euskadik badu gaitasuna, beste kontu bat da Estatuak Armadari beste erabilera bat eman nahi izatea", gaineratu du. Hala ere, azpimarratu du ez duela desadostasunik PSE-EErekin, ezta Espainiako Gobernuarekin. "Ez dut denbora galtzen kontu horrekin", azpimarratu du.