Itxi

Koronabirusa

Ertzaintzak 866 herritar salatu zituen igandean, konfinamendua urratzeagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Edonola ere, Segurtasun sailburuak azpimarratu du gizartearen jarrera eredugarria izaten ari dela eta gehiengo zabala salbuespen neurriak betetzen ari dela.

Ertzainak oinezko bati azalpenak eskatzen, Donostian. Argazkia: EFE

Ertzaintzak eta udaltzaingoek 866 salaketa jarri zituzten igandean, martxoaren 22an, alarma egoeragatik ezarritako salbuespen neurriak urratzea egotzita.

Hala ere, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak esan du kasu horiek salbuespena direla eta, oro har, herritarren jarrera "eredugarria" izaten ari dela, gehiengo zabala agindutakoa betetzen ari delako.  

Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera, Beltran de Herediak agerraldia egin du goizean, koronabirusaren hedapena gelditzeko asmoz martxan jarri dituzten ekimenen xehetasunak azaltzeko.

Ildo horretan, Segurtasun Saileko zerbitzu guztiak (Administrazioa, Larrialdiak eta Ertzaintza) beste agentzia eta segurtasun erakunderekin elkarlanean ari direla azpimarratu du, hala nola udaltzaingoekin, suhiltzaileek, babes zibilarekin eta boluntarioekin.

Gaur-gaurkoz, 30 ertzain eta udaltzain daude koronabirusarekin kutsatuta. Beste edozein esparrutan bezala, baina, Ertzaintzaren baitan ere prebentziorako hainbat neurri hartu dituztela jakinarazi du.

Ordutegiak, eginkizunak eta funtzioak beste modu batera antolatzeaz gain, Beltran de Herediak gogora ekarri du Arkautin trebatzen ari ziren 900 ikasle lanean hasiko direla gaurtik aurrera.

Polizia-etxeetan sortzen diren beharrizanen araberako eginkizunak izango dituztela zehaztu du.

 

Albisteak (4)