Koronabirus COVID-19
Koronabirusaren test azkarrak aste amaierarako espero ditu Jaurlaritzak
Agentziak | Erredakzioa
"Testa osasun-arloan egitea aurreikusi dugu, hastear dauden kasuak atzemateko eta PCRa mantentzeko", adierazi du Nekane Murga Osasun sailburuak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskadik aste amaieran jaso ditzake koronabirus kasuak atzemateko test azkarrak, Nekane Murga Osasun sailburuak telematikoki emandako prentsaurreko batean jakinarazi duenez.
Prentsaurrekoan, Murgari Eusko Jaurlaritzak test azkarrak jaso ote dituen galdetu diote, izan ere, Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchez Gobernuko presidenteari test azkarrak noiz jasoko zituen galdetu zion harekin eta gainerako autonomia erkidegoetako presidenteekin bideokonferentzia bidez bildu zenean.
Murgak azaldu du Eusko Jaurlaritzak oraindik ez dituela test azkarrak jaso, baina, Ministerioak esandakoaren arabera, agian aste amaieran helduko direla adierazi du.
"Batez ere osasun-arloan egitea aurreikusten diren test batzuk dira, hastear dauden kasuak atzitzeko eta PCRa mantentzeko, hau da, eskuz egiten ari garen teknika tradizionala mantendu eta kanpoko hornitzaileen mende ez egoteko. Batez ere, ospitaleetan, larrialdietan eta pertsona larrienen eremuan", adierazi du.
Sailburuak azaldu duenez, "pertsona batek birusa duen jakin ahal izateko modu tradizionala PCR teknika bidezko proba da". Azpimarratu duenez, "hiru enpresak soilik saltzen dituzte erreaktiboak eta substantziak prest dituen kit bat, zeinaren bidez lagina hartu eta makinan sartu daitekeen".
Sailburuak nabarmendu du kit horiek ez direla nazioarteko eskariaren mailan ekoizten, are gehiago, herrialde batzuek ez dute uzten kitak euren mugetatik at banatzea".
Hori dela eta, Osakidetzak "lagina hartzeko eta birusa identifikatu ahal izateko beharrezkoak diren substantziak zeintzuk diren" identifikatu dituela adierazi du. Beraz, "laborategiak prest daude eskuz egiteko, eta datozen asteetan sortuko ditugun laginen denborak eta aukerak balioztatzen eta egiaztatzen ari dira".
"Prozesu hori, neurri batean, beregainak izateko gauzatzen ari gara. Hornitzaileek une jakin batean huts egiten badute eta hornidurarik gabe uzten bagaituzte, ez gara kanpoko hornitzaileen mende egongo", zehaztu du.