Itxi

Koronabirusa

11 lagun hil dira koronabirusagatik San Martin auzoko egoitza batean, Gasteizen

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Zentro pribatua da, Sanitasekoa. Azken heriotza asteburuan izan da: 92 urteko emakume bat zendu da. Erabiltzaileak eta profesionalak zenbatuta, ia 50 kasu baieztatu dira egoitza horretan.

Sanitasek San Martin auzoan duen egoitzaren irudia. EiTBren bideo bateko argazkia.

11 lagun hil dira koronabirusagatik Sanitasek Gasteizko San Martin auzoan duen egoitzan; azkena, asteburu honetan, 92 urteko emakume bat. Zentro horretan ia 100 erabiltzaile daude, eta duela bi aste hasi zen koarentenan egoten; izan ere, erabiltzaileak eta profesionalak zenbatuta, ia 50 kasu baieztatu dira egoitza horretan.

Gainera, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak astelehen honetan jakinarazi duenez, hiru positibo atzeman dituzte San Prudentzioko eta Errotako udal-egoitzetan; bi ospitaleratu dituzte, eta bestea isolatu dute, zahar-etxean.

Horrez gain, Arabako Foru Aldundiak kudeatutako egoitzetan 19 positibo baieztatu dira. Horietatik zazpi Arabako Errioxako Samaniegoko zentroan atzeman dituzte. Positibo eman dutenei erreparatuta, bost lagun ospitaleratuta daude, eta gainerako 14ak euren egoitzetan ari dira artatzen.

Gasteizko San Martin auzoan ere dagoen Ajuria foru-zentroan, emakume bat hil da. 95 urte zituen, eta aurretiko patologiak pairatzen zituen.

35 positibo Gipuzkako egoitzetan

Bestalde, Gipuzkoako zaharrentzako eta desgaitasunen bat duten pertsonentzako egoitzetan 35 kasu positibo antzeman dituzte. Astelehen honetan, esaterako, bederatzi gaixo berri detektatu dituzte  Irungo Anaka zentroan.

Eider Mendoza Foru Aldundiaren bozeramaileak ohar batean azaldu duenez, beratzi lagun horietako bi Gure Gorriak Donostian duen erietxera eraman behar izan dituzte, “beste gaitz batzuk ere bazituztelako, haien egoera larria delako”.

Zahar-etxeetan 28 pertsona dauden koronabirusak jota: 14 Irungo Anaka zentroan; 10 Tolosako Iurramendi erresidentzian; 3 Hondarribiko Betharram egoitzan; eta bat Eibarko Egogain zentroan.

Desgaitasuna dauten lagunen kasuan, zazpi dira kutsatutakoak. Horietako sei Hondarribiko Uliazpi zentrokoak dira eta beste bat Donostiako Berriz zentrokoa.

45 positibo Bizkaiko egoitzetan

Bizkaian 155 zahar-etxe daude eta horietako 20tan baieztatu dituzte koronabirus kasuak. Orain arte, 45 positibo izan dira. Adineko pertsonak nahiz egoitzetako langileak daude gaixotuta.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, erresidentzia horietako 52 langile koarentenan jarri dituzte, prebentzio neurri gisa. Hamalau egunez isolamenduan egongo dira.

Positibo eman duten 45 lagunetatik 33 erresidentzian bizi diren pertsona nagusiak dira, eta horietako 25 ospitalera eraman behar izan dituzte.

Kutsatuta dauden langileak, berriz, 12 dira.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (4)