Itxi

Koronabuloak

Birala egin den Basurtuko mediku baten audioa Alcorcongo anestesista batek grabatu du

EiTB

Leer en Castellano

Basurtuko Ospitaleko ustezko mediku baten koronabirusari buruzko audioa birala egin da WhatsApp bidez, baina audioaren grabazioa egin zuen pertsona Alcorcongo anestesista batda.

Audio birala partekatu zuen elkarrizketa baten irudia. Argazkia: Maldita.es

Mediku batek bere familiari koronabirusari buruz WhatsApp bidez bidalitako audio bat birala egin da. Grabazioa Basurtuko Ospitaleko mediku batek egindakoa zela esan zen hasieran, baina Estatu osoan zabaldu zen, eta ustez Basurtuko Ospitaleko medikua zena ospitale ezberdinetako medikua izatera pasa zen, Durangon, Gasteizen, Iruñean, Zaragozan edota Sevillan ere lan egiten baitzuen. Herri eta hiri ezberdinetan zabaldu zenez, tokian tokiko zentru baten lan egiten zuen mediku batek bidalitakoa omen zen.

Hainbat erabiltzaile gurekin kontaktuan jarri dira 600900454 zenbakian, EiTBk koronabuloak gelditzeko duen ekimenaren WhatsAppean, audio honen berri emateko.

Hala bada, audioa grabatu zuen pertsona Marta Bernardino Alcorcon Fundazioko Ospitale Unibertsitarioko anestesista izan zen, 'Maldito Bulo' webguneak baieztatu ahal izan duenez. Maldita.es webgunea harremanetan dabil egun hauetan EiTBrekin eta Vost Euskadi Boluntario Digitalen Elkartearekin, koronabirusari buruzko buloak argitzeko eta gelditzeko helburuarekin.

Marta Bernardinok, audioa nola grabatu zuen azaldu dio Anestesiar webguneari; grabazioa otsailaren 27an bere autoan zihoala egin zuela azaltzen du, saio informatibo batetik atera ostean. Audioa senideek osatutako WhatsAppeko talde batera bidaliz zuela gaineratzen du, taldea bere gurasoek, bi neba-arrebek eta Bernardinok berak osatzen dutelarik. Birala egin zela otsailaren 28an konturatu zen, Madrildik kanpora bizi den lagun batek bere audioa birbidali zionean. Geroago, anestesistaren amak aitortu zuen, audioa bere bost lagun onenei bidali ziela otsailaren 28an, mezu-katearen oinarria izan zelarik. Anestesiar, anestesista profesionalentzako informazioan espezialitatutako webgunea da.

RTVErekin ere hitz egin zuen Marta Bernardino audioa birala egin ondoren. Gainera, Medikuen Madrilgo Kolegioak bere Twiterreko kontu ofizialean partekatu zuen:

Sobre cómo la buena #información en #salud puede convertirse en viral. ¿Audio de una médico, anestesióloga de un hospital madrileño aclara las dudas que todos podemos tener sobre el #Coronavirus pic.twitter.com/pGURFLcDrz

— ICOMEM (@Icomem_Oficial) February 29, 2020

Pangolina, "birusaren iturria"

"Birusa Pangolinetik etor liteke", baieztatu zuen Marta Bernardinok audioan. Hasiera baten, Txinako Hegoaldeko Nekazaritza Unibertsitateko bi ikertzaileren aburuz, pangolina (eskamadun ugaztuna) izan zitekeen COVID-19 koronabirusaren iturria, baina 'Nature' aldizkariari aitortu ziotenez, errektifikatu egin behar izan zuten, komunikazioan gaizki-ulertu bat egon zelako.

COVID-19aren sintomak

Koronabirusaren sintomei buruz Marta Bernardinok audioan esan zuena, bat dator Munduko Osasun Elkarteak dioenarekin. Arnasa hartzeko arazoak, eztula eta sukarra direla sintoma nabarmenenak esaten du Munduko Osasun Elkarteak. 

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Albisteak (3)