Itxi

KORONABULOAK

Geratu etxean, "Arrasateko ospitaleko erizain batek" hala badio edo ez

EiTB

Leer en Castellano

Hainbat aldaera dituen WhatsApp bidez zabaldutako mezu batek gure etxeetatik ez irteteko eskatzen digu, "aste honetan" betetzen omen baita COVID-19 gaitzaren "inkubazio-epea".

WhatsApp bidez jasotako "Arrasateko erizaina"ren mezua

Koronabirusak eragindako krisiaren harira, azken egunotan WhatsAppez zabaldu den mezu batek gure etxeetan gera gaitezela gomendatzen digu, "ezta ogitara ere" atera gabe. Izan ere, mezu horren arabera, aste honetatik aurrera koronabirusaren "inkubazio-data betetzen da eta positibo asko ateratzen hasiko dira".

Hainbat lagunek galdetu dute gai horri buruz 600 900 454 telefono-zenbakian, hots, EiTBk, koronabirusarekin lotutako buloak geldiarazteko asmoz, martxan jarritako partaidetza-ekimenaren telefonoan. Herritarrek buloak izan daitezkeen argazkiak, testuak eta bideoak bidal ditzakete bertara, mezu horien egiazkotasuna argitze aldera. Ekimen horretan, VOST Euskadirekin (Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) eta Maldita.es webgunearekin lankidetzan ari da EiTB.

Aipatu mezu horrek hainbat aldaera izan ditu, beherago ikusiko dugunez. Euskadin zabaldu denari dagokionez, informazioaren iturria ustez Debagoieneko ospitalean lan egiten duen erizain bat litzateke.

Jorratzen ari garen testuak honako hauxe dio hain zuzen ere (jatorrizkoa, gaztelaniaz):

"Una enfermera del hospital de Mondra:

Familia, una cosa os quiero decir que me ha dicho bego que trabaja en el hospital, y que lo difunda a toda la gente, a partir de mañana no salgais para nada de casa ni a por el pan, si podéis congelar, porque el domingo empieza lo peor, porque se cumple la fecha de incubación y empezarán a salir muchos positivos y se puede contagiar mucha gente así que es muy importante quedarse en casa y no relacionarse con nadie, tener mucho cuidado es muy importante y muy crucial está semana."

Lehenik eta behin, grina handiagoz edo gutxiagoz helarazten den mezua ("ezta ogitara ere") agian ez da berez kaltegarria: etxean geratu behar dugu, "Arrasateko ospitaleko erizain batek" hala badio edo ez. Begi-bistakoa eta gizalegezko betebeharra da etxean ahalik eta gehien geratu behar dugula azpimarratzea, indarrean dagoen alarma-egoerak horretara behartzen gaituelako. 

Alabaina, mezu horretan agertzen diren etxean geratzeko arrazoiek WhatsAppeko zenbait kateren ezaugarri nagusietakoa betetzen dute: hau da, pertsona batek profesional baten informazioa jaso, eta, ondoren, "familia"ri helarazten dio, baina ez erarik eta zehatzenean, baizik eta berak ulertutakoaren arabera. Azkenerako, mezua desitxuratuta zabaltzen da.

Hala, esan beharra dago, "igandean okerrena hasiko da" eta "positibo asko agertuko dira" baieztapenak bat datozela hainbat buruzagi politikok zein osasun publikoko arduradunek zentzu berean egindako adierazpenekin. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak, Xavier Garcia Ramsdenek ETB2n egindako elkarrizketan, "okerrena iristeke" dagoela adierazi zuen igande gauean. Era berean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak egun bat lehenago ziurtatu zuenez, "egun oso gogorrak izango dira" bi aste hauetakoak.

Mezuan erabiltzen den argudioari dagokionez ("inkubazio-epea beteko da"), OMEk (Osasunaren Mundu Erakundea) azaldutakoaren arabera, "COVID-19 gaitzaren inkubazio-epeari buruzko estimazio gehienak 1 eta 14 egun artekoak dira, eta, oro har, bost egun ingurukoak".

VOST Euskadi elkartearekin harremanetan jarrita, bertako iturriek honako hau azaldu digute: "Berez, ez dago inkubazio-epe zehatzik, egunero betetzen baita", betiere, bakoitza noiz infektatu den kontuan hartuta. Hartara, egoera larriagotu dezakeena ospitaleak saturatzea da; izan ere, "dagoeneko ospitaleratutako kasu positiboak ospitaleratze berriekin pilatzen joan daitezke, mundu guztia ez baita egun berean infektatu".

VOST elkartearen arabera, datozen egunetan positiboak areagotu egingo, baina "ez soilik kasu gehiago daudelako, baizik eta orain arte egindakoak baino proba gehiago egingo direlako".

Horrez gain, gorago aipatu dugunez, mezu horrek beste bertsio batzuk ere baditu, eta horiek ere biralizatu egin dira. Horietako batzuetan ez zaio erizainari erreferentzia egiten, eta familiari zuzendu beharrean, bidaltzaileak bere lagunarteari igortzen dio ohartarazpena, honako kasu honetan bezala (jatorrizkoa, gaztelaniaz):

"Chicas,os paso algo MUY IMPORTANTE(que me han pasado)

A partir de mañana no salgais para nada de casa ni a por el pan, si podéis congelar, porque hoy empieza lo peor, porque se cumple la fecha de incubación y empezarán a salir muchos positivos y se puede contagiar mucha gente así que es muy importante quedarse en casa y no relacionarse con nadie, tener mucho cuidado es muy importante".

Azkenik, badira mezuaren beste bertsio luzeagoak ere, zeinetan WhatsAppeko hiru mezu desberdin uztartzen diren ideia bera igortzeko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Albisteak (7)