Itxi

Koronabuloak

Bermeoko Correosen bulegoa zabalik dago eta segurua da gutunak eta paketeak jasotzea

EiTB

Redakzioa

Leer en Castellano

WhatsApp-eko mezu baten arabera, Bermeoko bulegoa itxita dago, “langileen % 100ek positibo” eman dute. Bulegoa zabalik dago eta segurua da gutunak eta paketeak jasotzea.

Bermeo: Argazkia: Unai Urresti

Bermeo Bizkaiko udalerriko Correosen bulegoak, gainerako posta bulegoek bezala, 09:30etik 12:30era zabaldu du martxoaren 25ean, posta zerbitzu publikotik 'Koronabuloak' (koronabirusari buruzko albiste faltsuak) gezurtatzen ari den EiTBko lantaldeari jakinarazi dionez.

Erabiltzaile batzuek WhatsAppeko mezu hau bidali zuten 600 900 454ra, COVID-19 gaitzarekin lotutako albiste faltsuak gezurtatzeko asmoarekin EiTBk argazki, testu edota bideo susmagarriak jasotzeko jarri duen zenbakira:

Correos de Bermeo cerrado, 100% positivos y los de mundaka cerrado por que cogen las cartas en bermeo. Todo de Amazon y Aliexpress. Hay lo dejo

Mezua egiaztatu edo gezurtatzeko (berez, bere horretan ikusita, nahiko susmagarria da; izan ere, ez du iturririk aipatzen, ortografia akatsak ditu eta kontu ezberdinak nahasten ditu bi esalditan), Correosekin jarri ginen harremanetan.

Posta zerbitzuak gaur, martxoaren 25ean esan digunez, 'bulegoak 09:30etik 12:30era baino ez dira zabaltzen, posta zerbitzu publikoa erabili behar duten bezeroak artatzeko. Bermeokoa ere ordutegi horrekin zabaldu dute gaur'.

Halaber, Correosetik azaldutakoaren arabera, 'lantoki batean kasu bat atzeman denean (baieztatua, balizkoa edo zalantzazkoa, Osasun Ministerioaren sailkapenaren arabera), ezarritako protokoloa aplikatu dute: langileak koarentenan jarri dituzte, lantokia itxi dute eta desinfektatu egin dute, eta, ondoren, berriro ireki dute, beste lantalde batekin, beharrezko posta zerbitzu publikoa ematen dela bermatzeko'.

Horrez gain, bertatik zehaztu dutenez, 'Correosen jarduera guztiak Osasun Ministerioak emandako jarraibideak kontuan hartuta egiten ari dira, langileen eta bezeroen osasuna babesteko. Correosek eskertu egin nahi du, beste behin ere, langile guztien ardura, une larri hauetan ere posta zerbitzu publikoa eskaintzeko konpromisoa erakusten ari direlako egunero'.

 Bermeoko Udaltzaingoak ere baieztatu dio EiTBri Correosek bertan duen bulegoa irekita dagoela, eta, eurek dakitela, egun hauetan egun batean bai eta hurrengoan ez 'gutxienez'  zabaldu dutela gaineratu dute.

Gutunak eta paketeak

Mezuaren arabera, itxierak Mundakari ere eragiten dio, 'gutunak Bermeon hartzen dituztelako', eta honakoa esaten zuen amaieran: 'Todo de Amazon y Aliexpress. Hay lo dejo'.

Munduko Osasun Erakundeak otsailaren 1ean argitu zuen kontua Segurua al da Txinatik bidalitako gutun edo pakete bat jasotzea? 'Bai, segurua da. Txinatik bidalitako paketeak jasotzen dituzten pertsonek ez dute #2019nCoV birusarekin kutsatzeko arriskurik. Orain arte egin diren azterketa batzuei esker dakigunaren arabera, koronabirusak ez du denbora asko bizirik irauten objektuetan, gutunetan edo paketeetan, esaterako', azaldu dute.

EiTBk 'Koronabuloak' ekimena du abian, VOST Euskadi Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartearekin lankidetzan eta Maldita.es web orrialdearekin harremanetan, koronabirusari buruzko albiste faltsuei aurre egiteko.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.