Zerbitzu berria
Lanbideren webguneak galdetegi elektronikoa sortu du eskaera berriei erantzuteko
Agentziak | Erredakzioa
Lan eskaerei eta diru-sarrerak bermatzeko errenta eskaerei erantzuteko balioko du. Gainera, apirilaren 30a baino lehenago berritu beharreko lan eskaerak automatikoki berrituko dira.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak galdetegi elektronikoa abian jarri du bere webgunean lan eskaera eta diru-sarrerak bermatzeko errenta eskaerei erantzun ahal izateko. Horrela, eskaera horiek egin behar dituzten erabiltzaileen izapide administratiboak erraztuko ditu, Lanbidek berak ohar batean aditzera emandakoaren arabera.
Zerbitzu berriari esker, langabe berriek galdetegi bat dute lan eskaera berriak egiteko, izan ere, duela aste batzuk arte ezinbestekoa zen Lanbideko bulegoetara joatea horrelako eskaera bat egiteko.
Aurrez aurreko atentzioa eten zutenean, Lanbidek posta elektroniko helbide bat jarri zuen martxan lan eskaerak egiteko, eta orain, galdetegi elektroniko berriaren bidez, prozesua gehiago erraztu du.
Bestalde, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin lotutako eskaeren tramitazioa bermatzeko, egiaztagiri elektronikoak dituzten pertsonek eskera berriak egiteko edo daukatena berritzeko dokumentazioa erregistratu ahal izango dute Jaurlaritzako Erregistro Elektroniko Nagusian (www.euskadi.eus).
Lanbidetik zehaztu dutenez, egiaztagiri elektronikoa ez daukatenentzat atal berria sortu dute Lanbideren webgunean. Atal horretan Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eskatu edo berritzeko dokumentazioa erregistratu ahal izango dute, baita zerbitzuarekin zerikusia duen jakinarazpenak kudeatu ere.
Eskaerak berritzea
Halaber, Lanbideak lan eskaerak automatikoki berritzeko epea luzatu du, 2020ko apirilaren 30 arte.
Azken asteetan, Lanbidek bere zerbitzu telematikoak indartu ditu "zerbitzuak eman ahal izatea bermatzeko", Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak esandakoaren arabera.
Dena dela, arreta zerbitzu telefonikoa ere erabilgarri dago, informazio orokorra emateko. (Herritarrentzat: 945 160 600 / 630 305 452 eta enpresa eta erakundeentzat: 945 160 601).