Itxi

Koronabirusa

Hildakoari gaubeila egitea debekatu dute EAEn, heriotzaren arrazoia edozein dela ere

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Halaber, hildakoari azken agurra emateko zeremonia zibil zein erlijiosoen kasuan, hileta-elizkizunak barne, bertaratzen diren pertsonen artean gutxienez metro eta erdiko tartea bermatu behar da.

Hileta-etxe bateko langileak, hildako pertsona baten gorpua lekualdatzen. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak hildakoari gaubeila egitea debekatu du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), heriotzaren arrazoia edozein dela ere, eta hileta-elizkizunen kasuan, bertaratzen diren pertsonen artean gutxienez metro eta erdiko tartea bermatzea jarri du baldintza gisa.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Nekane Murga Osasun sailburuaren agindu bat argitaratu du ostiral honetan. Agindu hori gaur bertan sartu da indarrean, eta, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz, "ezohiko neurriak" ezartzen ditu hilotzen gaineko osasun-neurrien inguruan.

Hala, agindu horretan jasotako prebentzio-neurriak gorpu guztiei eragingo die, "heriotzaren arrazoia edozein izanda ere". Horiek lurperatu edo erraustu ahal izango dira, eta "azken agurra" eman ahal izango zaie, heriotzatik 24 ordu igaro arte itxaron gabe, orain arte egin behar zen bezala. Gorputza erraustuz gero, errautsak manipulatu egin daitezke, betiere horrek arriskurik sortzen ez badu.

Osasun sailburuak sinatutako agindu horrek hildakoari gaubeila egitea debekatzen du, eta azken agurra emateko zeremonia zibil zein erlijiosoetara (hileta-elizkizunak barne) joateko ondorengo baldintza ezartzen du: jendetzarik ez biltzea eta bertaratzen diren pertsonen arteko gutxieneko distantzia metro eta erdikoa izatea.

Halaber, koronabirusak eragindako "pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera bideratzen den bitartean, gorpuaren gaineko tanatopraxia edo tanatoestetikako esku-hartzeak eta garbiketa-jarduketak debekatuta egongo dira".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (3)