KORONABIRUSA
Espainiak Txinatik jaso dituen akastun test azkarrak ordezkatu egingo ditu ekoizleak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txinan erositako 9.000 test bueltatu egin behar izan ditu Espainiako Gobernuak, behar bezala funtzionatzen ez zutela egiaztatu eta gero.
COVID-19a atzemateko Txinako enpresa batek Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioari bidali berri dizkion akastun test azkarrak "berehala ordezkatuko" ditu ekoizle horrek berak, eta, oraingoan, "zuzen funtzionatzen dutela baieztatuta" iritsiko dira.
Fernando Simon Osasun Larrialdi eta Alerta Zentroko zuzendariak Koronabirusaren Kudeaketarako Batzorde Teknikoaren bileraren ostean egindako agerraldian esan duenez, "Espainiara iristear" daude test azkar berriak, eta "epe laburrean" COVID-19 gaitza atzemateko azterketa gehiago egiteko aukera izango dutela ziurtatu du. "Oraingoan bai, aurretik testak balekoak direla ziurtatu dugu", gaineratu du.
Simonen arabera, "Espainiak edozein erosketa egiterako, beti ziurtatzen du produktuaren kalitatea eta jasoko duenaren fidagarritasuna". Kasu honetan ere hori egin dutela adierazi du.
Test azkarren erosketaren eskaria hainbat fasetan egin zutela eta lehendabiziko sortan jasotakoak direla akastunak zehaztu du Osasun Larrialdietarako arduradunak. Horren arabera, 9.000 test iritsi ziren aurreneko bidalketa horretan, eta jaso orduko Mikrobiologia Zentro Nazionalean aztertu zituzten. Berehala jakin zuten akatsa zutela.