Itxi

Kontrolak

9 atxiloketa eta 430 salaketa berri EAEn konfinamendua hausteagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Bizkaian izan ziren salaketa gehien, 207. Gipuzkoan 159 salaketa izan ziren eta Araban, berriz, 64 salaketa.

Ertzain bat gidariaren dokumentazioa egiaztatzen. ETBko bideo bateko irudia.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 430 salaketa jarri zituzten ostegunean koronabirusagatik ezarritako neurriak ez betetzeagatik, eta bederatzi pertsona atxilotu zituzten arrazoi beragatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Zehazki, Ertzaintzak 158 pertsona zigortu zituen atzo Euskal Autonomia Erkidegoan Herritarren Segurtasunerako Legea hausteagatik, egungo alarma egoera dela eta ezarritako neurriak ez betetzeagatik; udaltzainek, berriz, 272 salatu zituzten.

Ertzaintzak 1.301 pertsona identifikatu eta 1.832 ibilgailu atzeman zituen. Kontrol horietan, 158 salaketa jarri ziren egungo mugikortasun murrizketak ez betetzeagatik, eta sei atxiloketa egin ziren.

Bestalde, EAEko udalerrietako udaltzainek 1.109 pertsona identifikatu zituzten eta 2.136 ibilgailu atzeman zituzten. Guztira, 272 salaketa jarri zituzten egunean zehar. Hiru pertsona ere atxilotu zituzten.

Lurraldeka, Bizkaian 881 pertsona identifikatu, 1.483 ibilgailu atzeman, 52 salaketa jarri eta bost pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak. Araban, 115 pertsona identifikatu zituen, 99 ibilgailu atzeman zituen eta 19 salaketa jarri zituen. Gipuzkoan, 305 pertsona identifikatu zituzten, atxilotu bat egon zen, 250 ibilgailu atzeman zituzten eta 87 salaketa jarri zituzten.

Udaltzainen jardunari dagokionez, Bizkaian 309 pertsona identifikatu zituzten, hiru atxilotu, 1.089 ibilgailu atzeman eta 155 salaketa aurkeztu zituzten. Araban 415 pertsona identifikatu zituzten, 453 ibilgailu atzeman eta 45 salaketa jarri zituzten, atxiloturik gabe. Gipuzkoan, 385 identifikazio egin zituzten, 594 ibilgailu atzeman zituzten eta 72 salaketa aurkeztu zituzten, inolako atxiloketarik gabe.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (4)