KORONABIRUSA
Lan-jarduna eteteko erabakia "oso arduragabea" dela esan du Confebaskek
EITB.EUS
Euskal enpresarien patronalak gogor kritikatu du Espainiako Gobenuak hartu berri duen erabakia, eta horrek "krisi ekonomikoa areagotu" besterik ez duela egingo esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Confebask Euskal Enpresarien Konfederakuntzak eta harek batzen dituen Adegi, Cebek eta Sea elkarteek uste dute Espainiako Gobernuak oinarrizkoak ez diren lan-jardunak eteteko erabakia "oso arduragabea eta ondo pentsatu gabe hartutakoa" dela. COVID-19aren zabalkundea galarazteko astelehenean indarrean sartuko den dekretua goitik behera arbuiatzen dutela nabarmendu dute enpresaburuek.
Ohar batean Confebaskek salatu duenez, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarritako neurriak "areagotu baino ez du egingo" koronabirusak eragin duen "krisi sozioekonomikoa".
"Orain, inoiz baino beharrezkoagoa da produkzio-jardunari eustea, oinarrizko sektoreen hornikuntza bermatzeko eta bizi dugun egoera ekonomiko larriari eraginkortasunez aurre egiteko", gehitu du patronalak.
Konfederakuntzaren hitzetan, "orain arte bezala, langileen osasuna eta segurtasuna" bermatuz lan-jardunari eustea ezinbestekoa da, "osasun arduradunen prozedurak jarraituta".
Sanchezen dekretu berri honek "aurrekaririk gabeko nahasmen egoera" sortu duela euskal enpresen sektorean gaineratu du Confebaskek, eta aktibitatea etenda, krisiari aurre egitea are zailagoa izango dela ziurtatu du.