KORONABIRUSA
32 hildako gehiago EAEn eta 18 Nafarroan, baina positibo berriak jaitsi egin dira
EITB.EUS
EAEn, ia erdira jaitsi da kasu positibo berrien kopurua egun batean, eta Nafarroan laugarren egunez jarraian murriztu dira kutsatzeak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Koronabirusaren pandemia dela eta, 6.057 positibo zenbatu dituzte EAEn azken 24 orduetan, atzo baino 135 gehiago, eta 297 dira hildakoak jada, bezperan 32 hil ondoren.
Heriotza kopurua bigarren handiena izan da osasun krisia hasi zenetik, baina, horren aurrean, kasu positibo berriak (aipatutako 135ak) ia erdira jaitsi dira egun batean.
Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 293 kutsatu Zainketa Intentsiboen Unitatean daude, eta 1.646 sendatu dira (bezperan baino 143 gehiago).
Nekane Murga Osasun sailburuak prentsaurrekoa eman du datu horiek berretsi, eta beste hainbat xehetasunen berri emateko.
Araban, 2.049 positibo daude (atzo baino 102 gehiago), 376 ospitaleratuta.
Bizkaian, 2.937 positibo daude (atzo baino 261 gehiago), 1.233 ospitaleratuta.
Gipuzkoan, 1.071 positibo daude (atzo baino 54 gehiago), 357 ospitaleratuta.
Bestalde, Murgak jakinarazi duenez, 14.887 test egin dituzte dagoeneko, horietatik 816 azken 24 orduetan.
Osasun Sailak eta Osakidetzak abian jarri eta dagoeneko Android zein iOS sistemetan eskuragarri dagoen COVID-19.EUS izeneko aplikazioa erabiltzeko deia egin die sailburuak herritarrei, "denon artean gaixotasunaren hedapena saihesteko".
Nafarroan, 135 kutsatu gehiago eta 18 hildako gehiago
18 pertsona hil dira azken 24 orduetan Nafarroan, koronabirusa dela eta. Hala, oraingoz 102 dira birus horren ondorioz hildakoak, Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.
Guztira, 2.146 pertsonak eman dute positibo. Azken 24 orduetan, 135 positibo gehiago izan dira. Positibo horien artean, 955 ospitaleratu dituzte, eta horietako 90 zainketa intentsiboetako unitatean sartu dituzte.
Era berean, alta jaso duten gaixoen kopurua handitu egin da: igandean 125 ziren, eta gaur, berriz, 161; hau da, 36 lagun gehiago sendatu dira.
Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak adierazi du "nabarmen" jaitsi dela positibo berrien kopurua (laugarren egunez jarraian egin du behera), eta, joera hori mantentzen bada, hazkundea "moteldu" egingo dela azpimarratu du.
Espainian, 85.000 koronabirus kasu eta 7.000 heriotza baino gehiago
Espainian, 85.195 koronabirus kasu berri zenbatu dituzte, hau da, igandean baino 6.398 gehiago, Osasun Ministerioak astelehen honetan argitaratutako azken datuen arabera. Gainera, dagoeneko 7.000 hildakotik gora zenbatu dituzte (7.340, hain zuzen, atzo baino 812 gehiago).
16.780 pertsona sendatu dira, bezperan baino 2.071 gehiagok jaso baitute etxera joateko baimena, eta 5.231 paziente zenbatu dituzte zainketa intentsiboetako unitatean, igandean baino 324 gehiago.