Koronabirusa
Enrique Mayak positibo eman du koronabirusean
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko alkatea isolamenduan dago, eta adierazi du etxetik jarraituko duela lanean, "aurreko astean egin zuen bezala".
Enrique Maya Iruñeko alkateak (Navarra Suma) sare sozialetan jakinarazi duenez, etxean isolatuta dago, koronabirusa atzemateko proban positibo eman duela jakin ostean.
"Koronabirusean positibo eman dudala jakinarazi didate", adierazi du Mayak Facebooken, eta albistearekin batera, etxean jarraitu beharreko segurtasun neurriak erantsi ditu.
"Orain egun batzuk etxean isolatuta, eta, horretarako, jarraitu beharreko argibideak eman dizkidate. Aurreko astean egin dudan bezala, etxetik lan egingo dut. Agur bero bat guztioi. Egoera hau amaitu egingo da", azaldu du Iruñeko alkateak.
Haren mezuak babes adierazpen ugari jaso ditu, bai herritarrenak, bai politikarienak, bere taldeko kideenak zein UPNko beste batzuenak.
Maya ez da Nafarroan koronabirusak kutsatu duen politikari ezagun bakarra, aurretik Manu Ayerdi, Eduardo Santos eta Elma Saiz kontseilariek, eta beste hainbat goi kargudunek, eman baitute positibo.