Koronabirusaren ondorioz
Herri Urrats, Araba Euskaraz eta Ibilaldia atzeratu egin dituzte
eitb.eus
Ikastolen Elkarteak hartu du erabakia. Ondorioz, udaberrian ez da ikastolen aldeko jaialdirik egingo.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Koronabirusaren pandemiak eta bizi dugun alarma egoerak Herri Urrats (maiatzak 20), Araba Euskaraz (ekainak 17) eta Ibilaldia (maiatzak 31) ikastolen aldeko jaialdiak atzeratzera bultzatu dute Ikastolen Elkartea.
Sare sozialetan eman dute erabakiaren berri, "guztion osasuna bermatzeko", eta ekitaldiak beste data batzuetan ospatzeko itxaropenari eusten diote.
"Konplikatua da", onartu dute, "udazkena bitartera baikoaz, eta orduan ere beste bi jai baitauzkagu ikastolok. Egun edo aste batzuk hartuko ditugu hau dena taldean aztertu eta erabakiak hartzeko. Talde mailan hartuko ditugu erabakiak eta jakinaraziko dizkizuegu".
Horrekin batera, orain arte lanean aritu diren guztiak aintzat hartu nahi izan dituzte:
"Ezin ditugu ahaztu, hiru jai hauek udaberrian ospatu zitezen lanean buru belarri aritu diren boluntario andana, gure jaietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kantari, musikari, dantzari, pailazo eta artista guztiak, azpiegituraz arduratzen diren guztiak, gure babesleak".
Herri Urrats maiatzaren 20rako aurreikusita zegoen, Ibilaldia maiatzaren 31rako Elorrion, eta Araba Euskaraz, berriz, ekainaren 17rako Argantzunen.