Koronabirusa
Hamaika Gara egitasmoaren jarduera guztiak udazkenera atzeratu ditu Gure Eskuk
Agentziak | Erredakzioa
Gure Eskuk kanpaina digital bat jarriko du martxan “osasun krisia bere onera etortzen hasten denean”. Bitartean, sinatzeko aukerak zabalik jarraituko du hamaikagara.eus atarian.
Etorkizun politikoaz erabakitzeko erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masibo bat hasi zuen martxoaren 11n Gure Eskuk, hainbat eragile sozialekin elkarlanean. Egun gutxira, koronabirusak sortutako osasun krisia tarteko, hasiera batean udaberrirako aurreikusitako kanpaina udazkenera atzeratu behar izan dute.
Kaleratutako agiri batean, Gure Eskuk adierazi du “elkar zaintzeko garaia” dela eta elkarteko kideak horretan buru-belarri dabiltzala azpimarratu du: “Komunitatea zaintzea ere herrigintza da. Ezerk ez du horrek baino lehentasun handiagorik”. Era berean, nabarmendu du agerian geratu dela “herritar arduratsuak” daudela, antolatzeko eta erabaki propioak hartzeko gai direnak: “Ziur gaude krisi honi elkarrekin, komunitate bezala, herri bezala, egingo diogula aurre”.
"Osasun krisia bere onera etortzen denean", kanpaina digital bat abiatuko dutela iragarri dute eta, era berean, maiatzaren 16an Durangon aurreikusia zegoen mobilizazioa, eta ekainaren 13an herrietan antolatutako ‘Hamaika Gara eguna’ udazkenera atzeratuko dituztela jakinarazi dute; baita programatuta zeuden kaleko jarduera guztiak ere.
Gure Eskuk bere ibilbidean zehar ekoiztu dituen hiru dokumentalak —Gazta Zati Bat, Jostunak eta Elkarrekin Together— modu irekian ikusgai jarri ditu bere Youtube kanalean, entretenimendua eskaintzeko helburuarekin.