Pandemia
Bizkaiko hiru udalek erresidentzietarako laguntza eskatu dute ospitaleetan
agentziak | erredakzioa
Galdakaoko, Arrigorriagako eta Urduñako udalek babes materiala eskatu dute zainketako langileentzat, zentro horietan izaten ari diren kasuen kopurua ikusita.
Galdakaoko, Arrigorriagako eta Urduñako udalek (EH Bilduk zuzentzen ditu hirurak) herriko adinekoen erresidentzietan koronabirusari aurre egiteko baliabideak eskatu dizkiete inguruko ospitaleei.
Hiru ospitaleetara bidalitako gutunetan, udalek "lan karga txikiagoa duten edo erreserban dauden medikuen laguntza" eskatu dute erresidentzietarako, EH Bilduk prentsa-ohar batean jakinarazi duenez.
Koalizioaren esanetan, "adinekoen erresidentzietan izandako hildakoen kopuru altuagatik eta egoitza horietan covid-19ari aurre egiteko dauden zailtasunengatik" egin dute eskaera.
Galdakaok, Arrigorriagak eta Urduñak babeserako materiala eskatu dute adinekoak zaintzeaz arduratzen diren langileentzat, kasuak ugaritzen ari direlako, eta laguntza behar dute materiala behar den bezala erabiltzeko, "ez baitira arlo horretan trebatutako langileak".
Astelehenean, erresidentzien egoera "kezkagarria" konpontzeko eskatu zion Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak Bizkaiko Aldundiari, koronabirusaren aurrean babesteko neurriak falta zirelako.