Koronabirusa
Barneko mediku egoiliarren kontratu guztiak luzatuko dituzte
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak, horrez gain, horien ebaluazioak atzeratuko ditu, eta Europar Batasunetik kanpoko profesionalak kontratatzea baimendu du.
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak ebatzi du barneko mediku egoiliarren lan-kontratu guztiak automatikoki luzatuko direla, eta, halaber, barneko mediku egoiliarren azken ebaluazioa atzeratuko duela. Bi erabaki horietan, ez dute kontuan izango zein den egoiliarrak ikasten ari diren espezialitatea, edo zein mailatan dauden. Halaber, Europar Batasunetik kanpoko profesionalak kontratatzea baimendu dute, koronabirusak eragindako krisiari aurre egitea helburu.
Ministerioak ezarri duenez, barneko mediku egoiliarrek jaso beharreko ordainketa zehazteko, horiek betetzen dituzten eginkizunei erreparatuko zaie, "baldin eta kontratua luzatu aurretik egokitzen zitzaizkien autonomia- eta gainbegiratze-maila gainditzen ari badira".
Autonomia-erkidegoek erabaki ahalko dute barneko mediku egoiliarrak berebiziko beharra duten unitateetan aritzea; unitate horiek egoiliarren zentro berean egon litezke, edo autonomia-erkidegoko beste batean, edo beste eskualde batean.
Espainiako Osasun Ministerioak kudeatuko ditu nahikoa egoiliar ez dituzten autonomia-erkidegoen eskariak, eta ahalmena izango du barneko mediku egoiliarrak behar handiagoa duten hirietara lekualdatzea.
Europar Batasunetik kanpoko profesionalak
Horretaz gain, "salbuespen moduan, eta aldi baterako", Espezialista titulua Europar Batasuneko kide ez den Estaturen batean lortu duten osasun-profesionalak kontratatzea; horretarako, jaso duten prestakuntzak Espainiako Estatukoaren baliokidea izan behar du, arlo kualitatibotik eta arlo kuantitatibotik ikusita. Kontrata, gutxienez, hiru hilabetekoa izango da, eta luzatu ahalko da, hiru hilabeteko epeetan.
Halaber, Erizaintzako Zaintza Osagarrietako Teknikaria izateko ikasketak amaitu dituzten baina titulua oraindik jaso ez duten pertsonak ere kontratatu ahal izango dira.
Gainera, autonomia-erkidegoek aukera izango dute Forentse Zientzia eta Toxikologiako Institutu Nazionalera adskribatutako forentseak eta profesionalak kontratatzeko, betiere une honetan ez baitira funtsezko lanak egiten ari Justiziaren Administraritzan.