KORONABULOAK
Inongo igarlek ez zuen koronabirusaren agerpena iragarri
EITB
WhatsApp eta sare sozialen bidez zabaldutako bideo batek aditzera ematen duenez, "igarle" batek, ustez, COVID-19aren pandemia iragarri zuen 2019an.
Azken egunotan, WhatsApp eta sare sozialen bitartez bideo bat hedatu dute, zeinetan Nube de Maria izeneko igarle batek, ustez, 2020an koronabirusa agertuko dela iragartzen duen.
Hori hala izanik, dozenaka erabiltzaile jarri dira EiTBrekin harremanetan, #Koronabuloak geldiarazteko xedearekin martxan jarritako 600 900 454 WhatsApp zenbakiaren bitartez, eduki horri buruz ohartarazteko.
Egun hauetan, Euskal Irrati Telebista Maldita.es webguneko Maldito Bulo atalarekin dabil harremanetan, koronabirusari buruzko albiste faltsuak geldiarazteko asmoz. Hala, azken horrek dagoeneko jorratu du esku artean dugun gaia, eta, bere iritziz, ez dago inolako frogarik igarle horrek koronabirusa aurresan zuenik.
Hala, Maldito Bulotik egiaztatu ahal izan dutenez, ustezko iragarpenaren bideoa orain dela gutxi (2020ko martxoaren 29an) igo da YouTubera, baina Toni Rovira y tú programak 2019ko abenduaren 24an egin zuen saioaren emisioari dagokiola aditzera emanez. Hala ere, aipatu programako Twitter eta Facebookeko profil ofizialetan ez dago bideo horren edo bertan egiten den ustezko iragarpenaren aipamenik.
Era berean, Nube de Mariak Facebooken duen profilean ere ez zaio eduki horri aipamenik egiten.
Hona hemen biral egin den bideoa:
Azken kanal horretan, ordea, badago beste bideo bat, ustez 2019ko azaroaren 18an grabatutakoa. Bideo horren aldamenean dagoen testuak honako hau ziurtatzen da: "Nube de Mariak aurreikusi zuen errespetatu ez dugun Lur planetak ezin dut gehiago oihukatuko duela 2020an" (sic). Hala ere, eduki horren igoera-data ere 2020ko martxoaren 29a da.
Aldiz, kanal berean beste bideo bat ere ikus daiteke, 2020ko urtarrilaren 1ekoa. Bertan, De Mariak justu kontrakoa den iragarpen bat egiten du, 2020an "ziklo positibo bati" ateak irekiko zaizkiola baieztatzen baitu. Bideo hori bera igarlearen Instagrameko profilean ere aurki daiteke, 2019ko abenduaren 31ko datarekin.
Jantziak ez datoz bat
Bestalde, Maldito Bulo ekimenak abenduaren 24ko ustezko iragarpenaren bideoan agertzen diren bi protagonistek janzten duten arropari ere azpimarra egin nahi izan dio.
Hala, inkongruentziak aurkitu dituzte Nube de Mariak eta Toni Rovirak bideo horretan daramatzaten jantzien eta Toni Rovira y tú programak Gabon Gaueko emisioari buruz sare sozialetara igotako argazkietan daramatzatenekin.
Jarraian ikus daitekeen txioan, programako aurkezlea eta igarlea elkarren ondoan daude, beste gonbidatu askorekin batera. Aurkezleak bideoarekin bat ez datorren jaka bat darama soinean; igarleak, berriz, soineko bera daraman arren, bideoan agertzen ez den lepoko bat dauka. Gai honen gaineko xehetasun gehiago nahi izanez gero, ikusi Maldito Buloren gezurtatzea.
¿¿ La #Navidad llega al programa y por eso te invitamos a que no te pierdas ¿ la gran fiesta de esta noche ¿
— Toni Rovira y Tú (@toniroviraytu) December 24, 2019
¿ ¡ FELIZ #Nochebuena2019 ! ¿¿
¿ https://t.co/mOIH9PLYVg pic.twitter.com/HZPLQzop8c