Itxi

Koronabirusa COVID-19

Osasun arloko bigarren langile bat hil da EAEn

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Osasun arlo pribatuko profesional batek COVID-19an positibo eman zuen eta, beste patologia bat dela medio, Gurutzetako Erietxean egon zen ospitaleratuta. Martxoan Osakidetzako erizain bat hil zen.

Hildako osasun langilea omendu dute gaur Bilbon, IMQ Klinika parean. Argazkia: EFE

Osasun arlo pribatuko profesional bat hil da EAEn koronabirusarekin, Mikel Sanchez Osakidetzako Plangintza zuzendariak aditzera eman duenez. COVID-19an positibo eman zuen langile horrek eta, beste patologia bat dela medio, Gurutzetako Erietxean zegoen ospitaleratuta.

Koronabirus pandemiaren nondik norakoak jakitera emateko Sanchezek eskainitako ohiko agerraldian iragarri du heriotz hori. "Berriro ere, kolpe handia jasan dugu", deitoratu du Sanchezek. Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, elkartasun osoa helarazi die hildakoaren familiari eta lagunei, baita "egunotan senideak galtzen ari diren Euskadiko familia guztiei ere".

Euskadin hildako osasun arloko bigarren langilea da. Izan ere, joan den martxoaren 19an 52 urteko Osakidetzako erizain bat hil zen. Galdakaoko Ospitalean lan egiten zuen, eta koronabirusagatik kutsatu zen.

Gaur hildako beharginak Bilboko IMQ Zorrotzaurreko Klinikan egiten zuen lan, eta hura omentzeko euren lankideak bildu dira larunbat arratsalde honetan txaloak eta minutu bateko isilunea eskaintzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (4)