Koronabirusa
Ministerioak bidalitako 43.600 test azkar jaso ditu Osakidetzak
Agentziak | Erredakzioa
Proba horiek % 64ko sentikortasuna dute koronabirusaren sintomak hasi berri dituzten pazienteetan, eta % 80tik gorakoa zazpi egun edo gehiago kutsatuta daramatzatenetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskadik koronabirusa atzemateko Espainiako Gobernuak emango dizkion 58.800 test azkarretako 43.600 jaso ditu dagoeneko, Osasun Ministerioak autonomia erkidegoen artean diagnostiko azkarreko milioi bat proba banatuko dituela iragarri ondoren, COVID-19 gaitzaren agerraldiari aurre egiteko asmoz. Nafarroak, berriz, 18.000 unitate izango ditu eskura.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak esan du pandemiari aurre egiteko erkidegoei beharrezko osasun materiala helarazteko konpromisoa betetzen ari direla: "Administrazio guztiak ari gara lankidetza eta elkarlan eredua ematen, krisi egoera honi aurre egiteko ezinbestekoa baita, eta bereziki Osakidetzako osasun arloko beharginen lana aitortu nahi dut, egunero profesionaltasunaren eredu direlako".
Koronabirusa atzemateko test azkarrek % 64ko sentikortasuna dute gaitzaren sintomak hasi berri dituzten pazienteetan, eta % 80tik gorakoa zazpi egun edo gehiago kutsatuta daramatzatenetan. Ohar batean, Osasun Ministerioak adierazi du hori dela Carlos III.a Osasun Institutuak egiaztatutako proben fidagarritasuna.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak autonomia erkidegoetako presidenteekin atzo egindako batzarrean jakinarazi zien milioi bat test azkar banatuko dituztela sintomarik gabeko gaixoak atzeman eta berrogeialdian jartzeko. Horretarako, egokiak liratekeen azpiegituren zerrenda egitea eskatu zien.
Odol bidezko test azkarrak PCR proben osagarri dira, eta ospitaleetara zein talde ahuletara zuzenduko dira, hala nola zahar-etxeetara, Salvador Illak zuzentzen duen ministerioak nabarmendu duenez.
Test horietan positibo ematen duten pazienteak baieztatutako kasuak izango dira aurrerantzean, eta negatibo ematen badute, PCR proba egin beharko dute.
Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Madril da test gehien jasoko dituen erkidegoa (206.400), eta Katalunia (180.000) eta Andaluzia (130.800) daude zerrenda horretan hurrengo postuetan.