Koronabirusa
Gizakiek txakur, katu eta hudoak covid-19arekin kutsa ditzaketela uste dute
Agentziak | Erredakzioa
Ikerketa esperimentalek, halere, ez dute oraindik alderantzizko bidea, animalia horietatik gizakirakoa, berretsi.
Hainbat adituren ustez, gizakiek koronabirus berria, covid-19 gaixotasuna eragiten duena, kutsa diezaiekete txakur, katu eta hudoei, baina Espainiako Osasun Ministerioak birusari buruzko dokumentu zientifiko-tekniko batean jaso duenez, ez dago baieztatuta transmisio hori kontrako bidean ere egiten denik.
Ondorio horretara iristeko jatorria koronabirusak kutsatutako pertsonekin bizi ziren hiru animaliaren kasua izan da, Hong Kongeko (Txina) bi txakurrek eta Belgikako katu batek sintomak garatu baitituzte arnasbideetan eta digestio aparatuan.
Gainera, Osasun Ministerioak txostenean azaltzen duenez, birusaren erreplikazioa atzeman dute katu eta hudoen arnasbideetan, hainbat ikerketa esperimentaletan. Infekzio hori txakurren kasuan ere ikusi dute, baina “askoz gutxiago”.
Txerri, oilo eta ahateei dagokienez, Salvador Illak zuzentzen duen departamentuak ziurtatu du animala horien kasuan ez dutela birusaren erreplikazio aktiborik atzeman saioetan egindako inokulazioen ondorioz. “Datuek erakusten dute gizaki kutsatuek txakur, katu eta hudoei pasa liezaieketela birusa noiz edo noiz, baina ez dute argitu animalia horiek gizakiak kutsa ote ditzaketen”, Osasun Ministerioaren hitzetan.
Beste koronabirus batzuekin egindako saioetan frogatu dutenez, animaliek arnasbideetako edo digestio aparatuko materialak jariatuta kutsa litzakete gizakiak.