Itxi

Buloak

Ez, ezin duzu zure balkoitik beste pertsona batzuk grabatu eta bideoa zabaldu

EITB

Leer en Castellano

VOST Euskadik gezurtatu egin du sareetan hedatutako bideo batean ustezko hiltzaile baten atxiloketa ikusten dela. Aldiz, agertzen dena osasun mentaleko arazoak dituen pertsona baten krisialdia da.

Ertzaintzaren esku-hartzea, balkoi batetik grabatuta.

Joan zen igandean Bilboko auzo batean jazotako gertaera batek agerian utzi du beste behin dena ez dela zilegi balkoietatik ikusten dena gure mugikorrekin grabatzeko orduan, eta halaxe gogorarazi digute Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartetik (VOST Euskadi).

Alarma egoera eta konfinamendua indarrean dauden egun hauetan, ohikoa da gure sare sozialetan eta WhatsAppeko taldeetan balkoietatik grabatutako bideoekin beteta egotea. Bertako protagonistak, kasurik gehienetan, oharkabean daude grabatuta, bizilagunen isolamendu orduak alaitzen saiatzen diren bitartean.

Aitzitik, joan den igandean, VOST Euskadik ukatu egin behar izan zuen Facebookeko hainbat taldetan zehar zabaldu zen bideo batean ikus zitekeena ustezko hiltzaile baten atxiloketa zela, nahiz eta hala iradokitzen zuten grabatzen ari zenaren iruzkinek. Alabaina, grabatutakoan agertzen dena osasun mentaleko arazoak dituen pertsona baten krisialdiaren aurrean Ertzaintzak egindako esku-hartzea izan zen.

Gertatutakoaren aurrean, VOST Euskadik gogorarazi du "inork ezin dituela pertsonen irudiak edo bideoak sare sozialetan zabaldu aldez aurreko baimenik gabe". Gainera, kasu honetan, bideoa legez kontra hedatzeaz gain, delitu bat leporatu izana "zirkunstantzia larrigarritzat" jo daitekeela azpimarratu du.

Ondorioz, horrelako egoeren aurrean, "112 telefonoarekin harremanetan jartzea" eta "bideorik ez grabatzea" da larrialdietako elkartetik gomendatzen digutena.

AEPD: "Hirugarrenen irudiak grabatu eta zabaltzea debekatuta dago"

Ildo beretik, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (AEPD) joan den ostiralean gogorarazi zuen debekatuta dagoela pertsonak erraz identifikatzeko irudiak hartzea eta zabaltzea, datu pertsonalak bidegabeki tratatzea dakarrelako.

AEPDk argitu zuenez, egungo alarma egoerak ez dakar datuak babesteko oinarrizko eskubidea etetea.

Pertsonen irudiak jasotzeak eta ondoren hirugarrenei edonoren eskura dauden sare sozialetan zabaltzeak "datuen tratamendua" ekarriko luke, eta, hartara, "datuen babeserako araudian aurreikusitako berme-sistema aplikatuko litzaioke", adiera zuten iturri berek.

Bi salbuespen leudeke: bata, hirugarrenek hartutako eta zabaldutako irudi horietan ez egotea aukerarik pertsonak identifikatzeko, dela distantziagatik, dela aurpegi-ezaugarriak bereiztea eragozten duten parametro digitalak erabiltzeagatik; bigarrena, datuen tratamendua esparru pertsonalean eta etxekoan besterik ez egitea.

Nolanahi ere, Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren behin eta berriz adierazi du partikularren bizitza pribatuaren edo familia-bizitzaren esparrutik kanpo daudela identifikatutako edo identifikatzeko moduko pertsona fisikoen irudiak agertzen diren grabazioak, baldin eta sare sozialen bidez argitaratzen badira, argitalpen horrek eremu pertsonalarena baino proiekzio handiagoa duenean.

"Irudiak argitaratzea ez da eremu pertsonalera murrizten, irudi horietara sartzeko mugarik ez dagoenean, sare sozialetako profil irekien kasuan bezala", adierazi zuten iturri berek.

Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea EiTBrekin batera ari da elkarlanean #Koronabuloak ekimenean, hau da, COVID-19 gaitzaren inguruan egun hauetan batetik bestera dabiltzan testu, argazkia, albiste, eduki edota bideo faltsuei aurre egiteko asmoan.

Era berean, WhatsAppeko 600 900 454 zenbakiaren bidez herritarrek bidalitako eduki susmagarriak jasotzeko egitasmo honetan, albiste faltsuen aurka lan egiten duen Maldito Bulo webgunearekin ere harremanetan dago EiTB. Horrez gain, Eva Caballerok zuzentzen duen Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol dibulgazio-programan parte hartu ohi duen komunitate zientifikoaren laguntza ere badu.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Albisteak (4)