Itxi

Koronabirusa

Ertzaintzak eta udaltzainek Aste Santuko joan-etorriak kontrolatuko dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Martxoko zubian eta asteburuetan egin duten bezala, agenteek errepideetan eta garraio kolektiboko geltokietan joan-etorriak eragozteko kontrolak ezarriko dituzte.

Ertzaintzaren kontrol bat Irunen. Argazkia: EiTB

Ertzaintzak eta EAEko udaltzaingoek kontrol espezifikoak ezarriko dituzte, Aste Santuko oporraldian biztanleriaren joan-etorria saihesteko.

Martxoko zubian eta asteburuetan egin duten bezala, segurtasun indarrek kontrolak ezarriko dituzte errepideetan eta garraio kolektiboko geltokietan, bigarren etxebizitzetara joatea eragozteko, EAE barruan zein kanpoan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gogorarazi du COVID-19a geldiarazteko ezarritako konfinamendua ez betetzeagatik, kasu arinenetan, 600 eurorainoko isunak jar ditzaketela, eta berretsi du alarma-egoeran baimendutako lan-jarduerak edo "funtsezkoak diren joan-etorriak" onartuko direla soilik.

Ertzaintzak gidariei "azalpen justifikatu, argi eta egiaztagarria" eskatu ahal izango die, eta gogorarazi du errepideak edo bide-zati zehatzak ixtea erabaki dezaketela, osasun publikoa, segurtasuna edo zirkulazioaren arintasuna bermatze aldera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (3)