Koronabirusa
Konfinamenduaren amaiera hilaren 26tik aurrera hasi liteke, hainbat arau beteta
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuaren arabera, hil honen amaieratik aurrera herritarrek beren egunerokoari heldu ahalko diote apurka-apurka eta oraindik argitu gabe dauden baldintzak beteta.
Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuaren bozeramaileak esan du apirilaren 26tik aurrera hasiko direla konfinamendurako neurriak aritzen. Apurka-apurka, modu ordenatu batean, adituen gomendioak jarraituz eta pandemiaren bilakaeraren arabera egingo dutela zehaztu du.
Antena 3 telebista-katean egindako elkarrizketan Monterok azaldu duenez, apirilaren 26tik aurrera herritarrek "bizimodu normala" berreskuratu ahalko dute, nahiz eta "plaza eta kaleak berriz hartzeko" prozesua Exekutiboak berak emango dituen "arau argiei" jarraituta gauzatuko den, kutsatze kopuruak berriro goraka hasi ez dadin.
Oraingoz ez dute erabaki prozesu hori nola egingo duten. Aurrerago, horretarako unea heltzen denean, argituko du Espainiako Gobernuak "zer egin ahalko den eta zer ez".
Monteroren arabera, orduan, hil honen amaieratik aurrera, berreskuratu ahalko dute herritarrek bere egunerokoa, zein baldintzatan izango den oraindik argi ez dagoen arren. "Teknikariek erabaki behar dituztenez, oraindik aurreratuko ez ditugun zenbait agertoki ezberdinen arabera izango da", adierazi du.
Joan den larunbateko agerraldian, Pedro Sanchezek berak esan zuen alarma egoerak apirilaren 26tik aurrera indarrean jarraituko duela, baina salbuespeneko hainbat neurri kentzeko aukera irekita utzi zuen.
Nolanahi ere, Salvador Illa Osasun ministroak berriro ohartarazi du egun egoerak larria izaten segitzen duela.
"Epidemia egonkortze fase batean dago, baina geldialdira heltzea da helburua. Egia da konfinamendu osterako agertoki posibleak zeintzuk izan daitezkeen aztertzen ari garela, baina une gogor batean gaude oraindik; hildakoen kopuruak min handia egiten digu egunez egun", adierazi du.