KORONABULOAK
Ez, ez dute zientzialari bat atxilotu koronabirusa egin eta Txinari saltzea egotzita
EITB
WhatsAppez hedatu den bideo baten arabera, Charles Lieber zientzialaria atxilotu berri dute SARS-CoV-2 birusa egin eta Txinari saltzeagatik. Urtarrilean izan zen, eta beste kargu batzuk egotzita.
Azken egunotan biral bihurtu da WhatsApp bidez zabaldu den bideo bat, honako testu-mezua duena: "AEBk aurkitu egin du koronabirusa sortu eta Txinari sortu zion gizona. Charles Lieber doktorea, AEBko Harvard Unibertsitateko Kimika eta Biologia Saileko burua, gaur atxilotu dute, AEBko Justizia Departamentutik esan dutenez".
Testuarekin batera zabaldutako irudietan, ABC kateko gaurkotasuneko albisteen berri ematen duen saio bateko pieza bat ikus daiteke, aipatu zientzialari horren atxiloketaren ingurukoei buruz hitz egiten duena.
Asko izan dira EiTBk #Koronabuloak gelditzeko abiatu duen ekimenaren WhatsApp telefonoarekin (600 900 454) harremanetan jarri diren erabiltzaileak mezu horren berri emateko.
EiTBk egunotan koronabirusaren inguruko albiste faltsuak gezurtatzeko lankide duen Maldita.es atariak Maldito Bulo atalean jorratu du jada kontu hau. Bertan ondorioztatu duenez, albiste faltsua da; izan ere, urtarrilean atxilotu zuten, eta ez "koronabirusa egin eta Txinari saltzeagatik".
Hauek dira Maldita.es atariko taldeak bildu eta baieztatu dituen datuak:
Charles Lieber urtarrilaren 28an atxilotu zuen AEBko Gobernuak, "aitorpen guztiz faltsu, fikziozkoa eta iruzurrezkoa egiteagatik", herrialde horretako Justizia Departamentuak komunikatu baten bitartez iragarri duenez.
Komunikatuan zehaztutakoaren arabera, "Charles Lieber doktorea, 60 urtekoa, Harvard Unibertsitateko Kimika eta Biologia Departamentuko burua, gaur goizean atxilotu dute, eta salaketa jarri dute bide penaletik horren kontra, aitorpen zeharo faltsu, fikziozkoa eta iruzurrezkoa egitea egotzita".
Halaber, bertan azaltzen denez, Lieber Harvard Unibertsitateko ikertzailea zen 2008. urtetik, nanozientzian aditua, eta "15 milioi dolarretik gora" jaso zituen dirulaguntza gisa zenbait erakundetatik (AEBko Defentsa Departamentutik eta Osasun Institutu Nazionaletik, besteak beste). Jasotako laguntza horiek, gainera, "interes-gatazka finantzario garrantzitsuak agerian uztea eskatzen dute, atzerriko gobernuek edo atzerriko erakundeek emandako finantza-laguntzak barne".
Justizia Departamentuaren arabera, "2011tik aurrera, Txinako Wuhango Teknologia Unibertsitateko (WUT) zientzialari estrategiko bihurtu zen Lieber, eta kontratupeko partaide izan zen 2012tik 2017ra arte Txinako Mila Talentuen Planean. Hori guztia, Harvard Unibertsitateak jakin gabe".
Horrez gain, bertan jaso dutenez, WUTek hilean 50.000 dolar ordaindu zizkion Lieberri, eta 1.000.000 yuan (158.000 dolar, trukean, garaikoak) mantenu-ordain gisa, eta 1,5 milioi dolarretik gora eman zizkion, WUTen ikerketarako laborategi bat egiteko.
Bideoan ez dute koronabirusa aipatzen
Testuan ez bezala, bideoan (Boston hirian ABC kateak duen WCVB kateko albistegi batetik atera dute) ez diote inolako aipamenik egiten koronabirusari. Massachusetts estatuko fiskala, Andrew Lelling, ikus daiteke bertan prentsaurreko batean, Lieber doktoreak Txinako erakundeetatik jaso zituen diru-kopuruei buruz hitz egiten, baina SARS-CoV-2 koronabirusa sortu edo/eta saltzea aipatu gabe.
Baztertu egin dute SARS-CoV-2 birusa artifizialki sortu izana
Bestalde, aurretik jakitera eman genuenez, komunitate zientifikoak baztertu egin du birusak jatorri artifiziala izatea; izan ere, koronabirus berria laborategi batean sortu izanaren aurkakoa da.
Maldita.es atariarekin ez ezik, EiTBk VOST Euskadi (Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) ere bidelagun du buloei aurre egiteko xede horretan. Horrez gain, Eva Caballero kazetariak zuzendutako Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol zientzia eta teknologiari buruzko dibulgazio-programan parte hartu ohi duten adituen laguntza ere badauka.