Koronabirusa
Unibertsitatean sartzeko hautaprobak ekainaren 24, 25 eta 26an izango dira Nafarroan
Agentziak | Erredakzioa
Ohiko probak ekainaren 24, 25 eta 26an izango dira eta ezohiko probak uztailaren 22, 23 eta 24an. Unibertsitate sarbidea ekitate eta justizia terminoetan gauzatzea da Hezkuntza Departamentuaren xedea.
2019-2020 ikasturteko Unibertsitaterako Sarbiderako Batxilergoko Ebaluazioko (EvAU) ohiko probak ekainaren 24an, 25ean eta 26an izango dira Nafarroan, eta azterketaren ezohiko deialdia uztailaren 22an, 23an eta 24an izango da, batzorde antolatzailearen erabakiaren arabera.
Ministerioak planteatutako urkilaren barruan daude data horiek, horren zehaztapena Foru Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak argitaratu zuen martxoaren 25ean. Hortaz, osasun baldintzek ahalbidetzen badute egun horietan izango dira azterketak.
2.601 lagun daude une honetan hezkuntza sare publikoan Batxilergoko bigarren maila ikasten, eta 1.688 itunpeko sarean; ikasle horiei Lanbide Heziketako Goi Mailako zikloetako ikasleak gehitu behar zaizkie.
Egungo egoeraren ondorioz ikasle guztiek ikasturtea ez dutela galduko ziurtatzea da helburua, eta Unibertsitatearen sarbidea ekitate eta justizia terminoetan egiten dela bermatzea da. Joan den hilean, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak proba-ereduan aldaketa bat egitea onartu zuen, ikasleek eduki-blokeren bat klasean ez lantzeagatik kalterik jasan ez dezaten.
Asmoa da, halaber, proba-eredua unibertsitateek egungo 2019-2020 ikasturterako ikasleen eta irakasleen eskura jarri dituzten ereduetatik ez aldentzea. Proposatutako eredua egiteko, orain arte erabilitako denbora tarte berdina baimenduko da, eta proba Unibertsitatean sartzeko hautaproben ezaugarriei, diseinuari, edukiari eta datei buruzko araudian proposatutako eredura egokituta egongo dira.