Itxi

Koronabuloak

Ez da egia 100 urtetik behin pandemia bat dagoela munduko populazioa murrizteko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Whatsappez eta sare sozialen bidez zabaldutako hainbat mezuren arabera, "munduan ordena berri bat dago, populazioa murrizteko helburuarekin". Datuek eta adituek kontrakoa diote.

Japoniako biztanleak kaletik, maskararekin. Argazkia: Efe.

Azken egunetan, koronabirusaren krisiaren harira, hainbat gezur zabaldu dira sare sozialetan eta Whatsapp bidez, hala nola, 100 urtetik behin pandemia bat ematen dela munduko populazioa murrizteko.

"Lagunok, ezin dugu hain inuzenteak izan benetan gertatzen ari denaren aurrean. Munduan ordena berri bat dago. Populazioa murrizten ari dira. 100 urtetik behin gertatzen da", dio aipatutako mezuak. Bertsio diferenteak zabaldu dira Whatsapp, Facebook eta Twitter bidez, eta guztietan duela bi hilabete argitaratutako artikulu batek jasotzen zuen hipotesiari egiten diote erreferentzia. Informazio hori martxoaren amaieran jaso zuen webgune batek.

Biralizatutako mezuak eta webguneetan agertutako informazioek osasun krisi berak hartzen dituzte oinarri, eta 100 urteko epeetan banatuta aurkezten dituzte: 1720, 1820, 1920, 2020.

Datuen arabera, oinarririk gabeko informazioa da, ez baitago historian, osasungintzan edo demografian informazio hori babesten duen daturik. Aipatzen dituzten datak ez dira zuzenak, pandemia izan ez ziren krisi batzuei erreferentzia egiten diete eta 1920 eta 2020 artean izan ziren beste pandemia batzuk ez dituzte aipatu ere egiten. Gainera, osasun krisi horiek ez dute munduko populazioaren murrizketa eragin, Medikuntzaren Historian adituak direnek azpimarratu duten moduan.

Marseillako izurritea ez zen pandemia izan

Mezuan jartzen duten lehen adibidea Marseillan 1720. urtean izandako izurritea da. Hasteko, ez zen pandemia bat izan, "Marseillatik kanpo oso eragin txikia" izan zuelako, Luis Montiel Madrileko Complutense Unibertsitateko Medikuntzaren Historiako katedratikoak azaldu duenez.

Koleraren kasua

Mezu faltsuak aipatzen duen bigarren kasua kolera pandemiarena da. Mezuaren arabera, 1820an gertatu zen. Hala ere, kolerak olatu pandemiko ugari izan ditu, 1829, 1852, 1860, 1881 eta 1899. urteetan, baita XX. mendean ere; 1960. urtetik, aurrena Espainian eta ondoren Hegoamerikan, Maria Isabel Porras Gaztela Mantxako Unibertsitateko Zientziaren Historiako katedratikoak zehaztutakoaren arabera.

"Gripe espainiarra"ren ostean, pandemia gehiago izan dira

Mezuan jartzen duten hirugarren adibidea "Gripe espainiarra" da. Mezuak 1920an gertatu zela esaten du, baina urte bat edo bi arinago hasi zen.

Hura pandemia izan zen, eta milioika pertsona hil zituen. Munduko Osasun Erakundeak zehaztu bezala, "Gripe espainiarra" izenaz ezagutzen da Espainian eman zelako haren berri. Espainia herrialde neutrala zen Lehen Mundu Gerran, eta, ondorioz, zentsuratik libre zegoen.

Hala ere, "Gripe espainiarra" ez da COVID-19aren aurretik izandako azken pandemia. 1918 eta 2020 artean munduan gripe pandemikoaren agerraldi ezberdinak izan dira: Txinan 1957an izandakoa, txerri-gripea (A1H1) 2009an, hegazti-gripea 1997an edo SARSa 2002an, besteak beste. Guztietan, heriotza-tasa altuak izan ziren.

Munduko populazioa etengabe hazi da

Pandemia horiek guztiak gertatu arren, munduko populazioak gora egin du etengabe. 1950. urtean 2.600 milioi pertsona bizi ziren, 1987an 5.000 milioi, eta 2019an 7.700 milioi pertsona zenbatu dira, Munduko Nazio Batuen arabera. 2050. urterako, munduan 2.000 milioi pertsona gehiago egotea aurreikusita dago.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Albisteak (3)