Itxi

KORONABIRUSA

Hilzorian dauden egoiliarrek senide bat alboan izatea aztertzen ari dira Nafarroan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Foru Erkidegoko zahar-egoitzetan bizi diren adinekoak ere konfinatuta eta bisitarik jaso gabe dauden arren, hilzorian daudenentzako prozedura berria lantzen ari da Nafarroako Gobernua.

Iruñeko Miserikordia Etxea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EiTB.

Nafarroako zahar-egoitzetan egoera oso larrian dauden egoiliarren eta horien familiakoen egoera leuntzeko, protokolo berri bat lantzen ari da Foru Gobernua. Besteak beste, egoitzan hilzorian dagoen adinekoak bere bizitzako azken egunetan senide bat alboan izateko aukera aztertzen ari da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamendua.

COVID-19a dela eta, Foru Erkidegoko zahar egoitzetako adinekoak ere konfinamenduan daude, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik, eta horrenbestez, ezin dute kanpoko bisitarik jaso.

Ines Frances Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak atzo aurreratu zuenez, Osasunbidearekin eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzarekin elkarlanean, zahar-etxeetan egoera oso larrian dauden pertsonei zuzendutako protokoloa lantzen ari dira, azken agurra etxekoentzat eta gaixoentzat "leunagoa" izan dadin. 

"Konfinamenduan egon arren, azken agurra erraztea da helburua. Etxeko bat alboan izateak, azken une gogor hori samurtu  dezake", esan zuen. Halaber, etxekoak ere une oro informatuta izatea oso garrantzitsua dela azpimarratu zuen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (4)