Itxi

KORONABIRUSA

40 hildako EAEn eta 4 Nafarroan koronabirusa dela eta, azken orduotan

EITB.EUS

COVID-19 gaitzak, orain arte, 729 hildako utzi ditu Euskal Autonomia Erkidegoan eta 218 Nafarroan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Koronabirusaren ondorioz, 40 pertsona hil dira EAEn azken orduotan, aurreko egunean baino 11 gutxiago. Kutsatu berrien kopuruak, berriz, beheranzko joerari eusten dio: 297 dira azken 24 orduotan zenbatutako kutsatu berriak, aurreko egunean baino 57 gutxiago.

Orotara, 729 dira COVID-19 gaitzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan utzi dituen hildakoak, eta kutsatuak, denera, 10.103 dira, horietatik 1.414 daude erietxean. Sendatutakoen kopurua, egunetik egunera, handitzen ari da, eta azken datuen arabera, 4.680 dira koronabirusa gainditzea lortu dutenak, osteguneko balantzearekin alderatuta, 170 gehiago.

Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Osasun Planifikazioko zuzendariak eman ditu azken datuen xehetasunak, Lehendakaritzatik egin duen agerraldi telematikoan. Horren hitzetan, kutsatuen kopuruan beheranzko joera nabarmena bada ere, hildakoen kopurua oso handia da eta "ezin gara erlaxatu".

Egindako test kopuruan eta horien emaitzetan jarri du azpimarra Sanchezek. Osakidetzak, atzo, koronabirusa atzemateko 1.677 test egin zituela esan du, eta % 82k negatibo eman zutela. Denera, orain arte, 27.639 proba egin dituzte.

Datuak, lurraldeka:

-        Araba: 2.908 kutsatu daude, eta horietatik 214 ospitaleratuta.

-        Bizkaia: 5.392 pertsona kutsatu dira, eta horietatik 912 ospitaleratuta daude.

-        Gipuzkoa: 1.803 kutsatu daude, horietatik 290, ospitaleratuta.

Osasun Sailak baieztatu duenez, aireztapen inbaditzaileko 40 arnasgailu jaso berri dituzte, azken orduotan, Txinatik. Datozen egunetan arnasgailu horiek Gurutzetako (10), Donostiako (10), Arabako (8), Basurtuko (7) eta Galdakaoko (5) Unibertsitate Ospitaleetako Zainketa Intentsiboetako Unitateetan banatuko dira.

Nafarroan, bestalde, lau pertsona hil dira azken orduotan, atzoko balantzean zenbatutakoen erdia. Denera, 218 pertsona zendu dira Foru Erkidegoan COVID-19 gaitzak jota.

Atzemandako kasu berrien kopuruak, berriz, gora egin du: 173 kutsatu berri daude Foru Erkidegoan, atzoko balantzean jasotakoak baino 65 gehiago. Denera, 3.748 pertsonak dute koronabirusa erkidego honetan.

Foru Gobernuak nabarmendu duenez, gorakada hori egindako test kopuruarekin dago lotuta. Jakinarazi dutenez, herenegun, koronabirusa atzemateko 200 proba egin zituzten, atzo 78, eta gaur 100 egitea dute aurreikusita.

Sendatutakoen kopuruak nabarmen egin du gora: denera, 560 pertsona sendatu dira, atzoko datuarekin alderatuta, 98 gehiago.

Ipar Euskal Herria eta Biarno batzen dituen Pirinio Atlantikoetako Departamentuan, berriz, 14 pertsona hil dira, koronabirusaren krisia hasi zenetik, Eriz Spitz Frantziako Gobernuaren ordezkariak baieztatu duenez. "Epidemia menperatu dugu gure lurraldean baina erne egon behar dugu beti", gaineratu du prefetak.

Bideokonferentziaz egin agerraldian, eskerrak eman nahi izan dizkie sendagile, garbitzaile eta etxean dauden herritarrei, bere hitzetan, konfinamenduari esker bizi bat salbatzen baita zortzi minututik behin.

Ipar Euskal Herriko datuen jarraipen zehatza, Franck Dolosorrek

Espainian 605 hildako, azken bi asteotako kopuru txikiena

Hirugarren egunez jarraian,  koronabirusak eragindako hildakoen kopuruak behera egin du Espainian; 605 hil dira azken orduotan, azken bi asteotako kopururik baxuena. 4.576 kutsatu berri zenbatu dira, eta, horrenbestez, orotara 157.022 dira COVID-19 gaitza duten herritarrak. Guztira hildakoak, berriz, 15.843 dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (4)

Bideoak (2)

Informazio gehiago (2)