Koronabirusa
Dagoeneko 696 dira Bizkaiko erresidentzietan kutsatutako erabiltzaileak eta langileak
agentziak | erredakzioa
Baieztatutako 158 langileez gain, 292 isolatuta daude. Kutsatutako 538 adinekoetatik, 116 ospitalean daude.
Bizkaiko erresidentzien sarean koronabirusarekin kutsatuta dauden erabiltzaileen kopurua 538ra iritsi da, eta horietako 116 ospitalean daude. Gainera, zentro horietako 158 langilek positibo eman dute COVID-19an, eta beste 292 isolatuta daude.
Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintzak zabaldutako datuen arabera, atzo 155 erresidentziatako 34tan zeuden koronabirus kasuak.
Bizkaiko erresidentzietan uneotan 422 erabiltzaile daude birusarekin, eta gainerako 116ak ospitaleratuta daude. Hori horrela, kopurua 538ra igo da, eta asteartean baino 64 kasu eta 11 ospitaleratze gehiago daude.
Erresidentzietako langileen artean, 158k positibo eman dute, aurreko zenbaketan baino 18 gehiagok. Hala ere, baieztapenik gabe isolamenduan daudenen kopuruak behera egin du 390etik 292ra bi egunetan.
Bizkaiko Aldundiak zabaldutako datuen arabera, gizarte urgazpenerako zentroen kasuan, Birjinetxeko 63 eta Unbeko 34 pertsona artatzen ari dira osasun zerbitzuak.