Itxi

KORONABIRUSA

Garraio publikoan maskarak erabiltzea aholkatu du Espainiako Gobernuak

AGENCIAS | REDACCIÓN

Leer en Castellano

Astelehenetik aurrera maskarak banatuko dituzte tren eta metro geltokietan, oinarrizkoak ez diren jarduerak berriro martxan jarriko direla kontuan hartuta, jendearen joan-etorri handia espero baita.

Your browser doesn’t support HTML5 video

COVID-19aren hedapenari aurre egiteko, garraio publikoa erabili behar duten herritarrei maskarak erabiltzea aholkatu die Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak.  Salvador Illa Osasun ministroak aurreratu duenez, astelehenetik aurrera, tren eta metro geltokietan, jende gehien pilatzen den guneetan, maskarak banatuko dituzte. Noiz eta nola banatuko dituzten ez dute zehaztu.

Ministerioak zehaztu duenez, lantokira oinez, bizikletaz edota autoz doazen langileek ez dute maskara eraman beharrik, "kasu horietan metro eta erdiko edota bi metrotako tartea mantentzea posible baita".

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak martxoaren 28an iragarritako dekretuaren ondoren, oinarrizkoak ez diren lan-jardunak bi astez geldirik egon eta gero, berriro martxan hasiko dira astelehenean, eta jendearen joan-etorri handia espero da, besteak beste, garraio publikoan.

Gaixotasunak Kontrolatu eta Prebenitzeko Europako Zentroak maskarak jendaurrean erabiltzea babestu zuen atzo, bai COVID-19 gaitza duten eta sintomak dituztenek, baita sintomarik gabekoek ere, bereziki itxitako guneetan eta leku jendetsuetan; hala nola,  dendetan, merkataritza-guneetan edo garraio publikoetan.

Europatik helarazitako aholku horren ondoren erabaki du Osasun Ministerioak maskarak banatzen hastea, jende pilaketa egon daitekeen lekuetan, eta garraio publikoan maskarak erabiltzea aholkatzea.

Illa ministroak gogoratu duenez, orain arteko aholkuei gehitu behar zaie maskarena. Hau da, eskuak behin eta berriz garbitzea, pertsonen arten metro eta erdiko tartea mantentzea eta eskuekin kontaktuan dauden gainazalak ahal bezain ondo garbitzea dira oinarrizko neurriak. 

"Maskarak jendaurrean erabiltzeak infekzioaren hedapena murrizteko kontrol-baliabide gisa balio lezake", esan zuen atzo Gaixotasunak Kontrolatu eta Prebenitzeko Europako Zentroak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (6)

Bideoak (1)