Koronabirusa
Nola saihestu koronabirusa etxera eramatea
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak gomendio batzuk argitaratu ditu, lanpostura bueltatu behar dutenentzat, edo janaria erostera zein farmaziara joan behar dutenentzat.
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak gida bat argitaratu du, astelehenetik lanpostura bueltatu behar dutenentzat, edo janaria erostera edo farmaziara joateko, etxetik irten behar dutenentzat. Etxetik kanpo erabilitako objektuak desinfektatzea (betaurrekoak edo mugikorra, adibidez) gomendatzen du, besteak beste, gida horrek, koronabirusa etxera sar ez dadin.
Jarraian, gida horretako aholkuak zehaztuko ditugu:
Etxetik kanpo
-Saiatu gainazalik ez ukitzen; egitekotan, ondo garbitu eskuak, ura eta xaboia erabiliz.
-Eskuak ondo eta sarri garbitzea eskularruak erabiltzea baino eraginkorragoa da.
-Ahalegindu ez ukitzen begiak, ahoa edo sudurra.
-Segurtasun-tartea utzi, 1 edo 2 metrokoa.
-Autoa erabiliz gero, sarri garbitu, batez ere gehien ukitzen diren gainazalak.
Etxera iritsitakoan
-Erantzi zapatak, eta atetik gertu utzi.
-Garbitu eskuak, ura eta xaboia erabiliz.
-Bereizi etxean behar ez dituzun objektuak (giltzak edo diru-zorroa), eta itxitako kutxa batean utzi, atetik gertu.
-Etxetik kanpo erabilitako gainerako objektuak desinfektatu (mugikorra edo betaurrekoak). Erabili horretarako, erabili eta botatzeko zapiak, eta soluzio alkoholduna, edo ura eta xaboia.
Gune itxi batean eta pertsona gehiagorekin izan zara, denbora jarraian?
Bereizi poltsa batean erabili duzun arropa, astindu gabe. Itxi poltsa, eta ez atera arropa etxetik berriro irten arte, berriro erabili arte, edo ur beroaz garbitu arte. Ondo lehortu. Manipulatu ostean, ondo garbitu eskuak.