Koronabirusa
Txina koronabirusaren bi txertoren saiakuntza klinikoak egiten hasi da
Agentziak | Erredakzioa
Txerto inaktiboak dira biak, prozesu fisiko edo kimikoen bidez hildako mikroogranismoen bidez sortutakoak.
Txinak saiakuntza klinikoak hasi ditu gizakiekin SARS-CoV-2 koronabirusaren, COVID-19 gaixotasunaren eragilearen, txerto posible bi probatzeko, herrialde horretatik jakinarazi dutenez.
Txerto inaktiboak dira biak; hots, prozesu fisiko edo kimikoen bidez hildako mikroogranismoen bidez sortu dituzte.
Lehen proiektuarekin saiakuntza klinikoak egiteko baimena igandean onartu zuten, eta Wuhango (hiri horretan atzeman zituzten gaixotasun honen lehen kasuak) Birologia Institutuak garatu du Sinopharm enpresak hiri horretan duen sukurtsalarekin batera.
Bigarren txertoa hainbat enpresaren lankidetzaren emaitza da, eta Sinovac Research & Developmentek gidatu du.
Caixin hedabide espezializatuaren arabera, Sinopharmen proiektuak Txinako Zientzia eta Teknologia Ministerioaren laguntza du, eta Henan probintziako (Asiako herrialdearen erdialde-ekialdean) 1.396 boluntariotan probatuko du bi fasetan, 2021eko azaroaren 10era arte.
Martxoaren erdialdean, Txinako agintariek baimena eman zuten Zientzia Akademia Militarrak koronabirusaren aurka garatu duen txerto baten saiakuntza klinikoak egiteko.
Gaur arte, 3.341 pertsona hil dira Txinan COVID-19ak jota, eta 82.249 kutsatu zenbatu dizute. 77.738 eriri eman diete alta, sendatu eta gero.