Koronabirusa COVID-19
Alarma egoera luzatzea proposatuko du Sanchezek, baina umeen konfinamendua malgututa
EITB.EUS
"Irteera murriztuak eta baldintzatuak" egitea baimenduko diete haurrei, Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez. Hirugarren luzapen hori maiatzaren 9ra arte egongo litzateke indarrean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, alarma egoeraren beste luzapen bat, hirugarrena dagoeneko, eskatuko dio Kongresuari, maiatzaren 9ra arte zehazki, baina haurren konfinamendua malgututa.
"Haur psikologian eta pediatrian adituekin aztertu ostean, posible da apirilaren 27tik aurrera haurren konfinamendua arintzea", iragarri du Sanchezek Moncloatik egindako agerraldi telematikoan. "Irteera murriztuak eta baldintzatuak izango dira, kutsatzeak saihesteko", Sanchezek zehaztu duenez.
Espainiako presidenteak azaldu duenez, alarma egoera berria ez da berdina izango, eta faseka kentzen joango dira. "Mendebaldean zorroztasun handienekin neurriak betetzen ari diren herritarrak dira espainiarrak", gaineratu du Sanchezek.
"Sakrifizio handienarekin lortu dugu birusaren hedapena gelditzea, baina lortutako emaitzak oraindik ahulak dira" behin betikoz herritar guztien gaineko konfinamendua altxatzeko.
Bestalde, Sanchezek larunbat honetan aurreratu duenez, konfinamendua amaitzeko neurriak "desberdinak" izan daitezke Autonomia Erkidego bakoitzaren egoeraren arabera, hortaz, ez da erabaki "homogeneorik" ezarriko. Dena dela, ohartarazi duenez, "atzerakadarik" somatuz gero, erabakiak berrikusiko lituzkete, eta neurriak berriak hartu.
Bigarren fasea
Amaitzeko, Sanchezek esan du Munduko Osasun Erakundeak ezarritako sei urratsak betetzen jarraituko duela Espainiak, "normaltasun berriaren bila", besteak beste, kutsatuak identifikatu eta kontrolatu, eta kasu berriak antzematea.
"Aurrerapauso handiagoak lortu behar ditugu bigarren fasean sartu eta konfinamendia amaitu aurretik, normaltasun berri horretarako bidean", ondorioztatu du.