Elkarrizketa
Zer dakigu birus-kargaren eta koronabirusaren arteko harremanari buruz?
EiTB
Erredakzioa
Guillermo Quindos EHUko Mikrobiologia katedradunaren esanetan, "datuek erakusten dutenez, sintoma gutxi dituzten pertsonek birus-karga txikiagoa izaten dute, baina ez da beti horrela".
Birus-kargaren (gorputzeko jariakinetako birus-kopurua) eta koronabirus pandemiaren hedapenaren arteko loturari buruzko albisteak zabaldu dira azken egunotan.
#Koronabuloak EiTBk koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei aurre egiteko abiatu duen ekimenetik, kontu hori argitu nahi izan dugu, eta gure ohiko kolaboratzaile batengana jo dugu horretarako: Eva Caballero kazetariak Radio Euskadin zuzentzen duen La Mecánica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarengana.
Oraingo honetan, Guillermo Quindos EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Mikrobiologian katedradunak egin du ekarpena. La Mecánica del Caracol saioan orain dela ia hamarkada batetik katedradunak astero egiten duen lankidetzan, hainbat zalantza argitzen ditu, hasiera hau duen mezu honi buruzkoak, esaterako:
MEZUA
Toni M. Ferrer. Honakoa bizitzak salbatzen dituen mezu horietako bat da. Irakurri eta zabaldu, mesedez. Eskerrik asko!
OSO INPORTANTEA
Birus-karga funtsezkoa da. Princetongo bi ikertzailek, Joshua D. Rabinowitzek eta Caroline R. Bartmanek, kolaborazio bat egin dute oraintsu New York Timesen, eredu gisa jarrita COVID-19ak jota hil diren mediku gazteak, Li Wenliang esaterako, eta Hong Kongeko apartamentuetako SARS kasua, eta honakoa diote bertan (laburpena):
Hasiera horrekin (ohikoa mezu faltsuetan, "OSO INPORTANTEA" letra larriz, "irakurri", "zabaldu", izen berezi bat...), Princeton Unibertsitateko Joshua D. Rabinowitz irakasleak eta Caroline R. Bartman ikertzaileak New York Times hedabidean elkarrekin publikatu zuten artikulua aipatzen dute. Eta Google Translate edo antzeko tresna automatiko batekin gaztelaniara egindako itzulpen bat eransten zaio horri, hauek erakusten duten moduan: bi esanahi dituzten hitzak bere testuinguruan itzuli ez izana, esaldien ordena, artikuluak erabiltzea edo ez…
Mezuaren hasierako kutsuak eta itzulpenaren kalitateak zalantzak eragiten baditu ere, artikulu originala egon badago, eta kaleratu duen hedabideak izen ona du, baita hori sinatu duten pertsonek ere.
Hori da Guillermo Quindós kolaboratzaileak Radio Euskadiren La Mecánica del Caracol saioan birus-kargari eta koronabirusari buruz egin zuen hausnarketa (Quindosek gai horri buruz esandakoak irratsaioko 17. minututik aurrera entzun daitezke).
La Mecánica del Caracol (LMC): Zer da, zehatz-mehatz esanda, birus-karga eta zein da horren eta horrek eragiten duten gaitzaren larritasunaren arteko lotura?
Guillermo Quindós (GQ): Gaixotasun infekzioso ia guztietan bezala, pertsona bat zenbat eta patogeno baten kopuru handiagoaren eraginpean egon, orduan eta aukera handiagoa izango du infektatzeko. Hala ere, beste eragile batzuk ere izan behar dira kontuan, pertsonaren osasun-egoera (aurretik gaixotasunik duen), esaterako. Baina ohikoena da birus-karga zenbat eta handiagoa izan infektatzeko erraztasun handiagoa izatea eta gaixotasunaren koadro arinagoak edo larriagoak garatzea.
Horrela, COVID-19aren kasuan, arretaguneetako bat da jakitea birus-kargak berak edo birus-karga handiagoen eraginpean izateak loturarik duen gaixotasuna okerrago edo larriago garatzearekin.
Oraindik ez dago datu oso erabakigarririk, baina beste gaixotasun batzuetan ikusitakoa kontuan izanez gero, baliteke lotura izatea.
Kontuan izan behar den beste gauza bat da batzuetan nahasi egiten dela birus-karga handi baten eraginpean egotea eta pertsona baten arnasbideetako jariakinean dagoen birus-karga, adibidez.
Datuen arabera, sintomatologia txikia izaten duten pertsonek normalean birus-karga txikiagoa izaten dute, baina beti ez da horrela izaten. Hau da, ez dago lotura zuzenik jariakinetan dagoen birus-kargaren eta gaixotasunak gero izango duen bilakaeraren artean.
Koadro larria garatu duten pertsona batzuek birus-kopuru txikia zuten hasieran euren jariakinetan, eta, hala ere, gerora gehiago ugaritu zaie, eta birusaren barreiatzaile garrantzitsuenetakoak bihurtu dira.
Hau da, bi gauza izan behar dira kontuan: nolako birus-kargaren eraginpean gauden eta nolako birus-karga dagoen gure jariakinetan.
LMC: Beraz, birus-karga txiki batek ere asko egin dezake aurrera pertsona baten organismoan, horretarako baldintza egokiak aurkitzen baditu?
GQ: Bai, izan ere, oraindik ez dakigu zehatz-mehatz zein den dosi infektatzailea (gaixotasuna eragiteko behar diren mikroorganismoen kopurua), baina milaka batzuk behar direla uste da.
Gaixotasun batzuetan, 100 birus nahikoa dira infekzioa garatzeko, eta beste batzuetan, berriz, milioika behar dira. Apur bat gehiago jakin beharko genuke kasu honetan dosi infektatzailea zein den jakiteko. Laborategian egindako ikerketa batzuei esker, badira zelula-kultiboei buruzko datu batzuk, baina ez dakigu benetan 'in vivo' zer gertatzen den.
La Mecánica del Caracol programako komunitate zientifikoarekin ez ezik, EiTBk Maldita.es webgunea (Maldito Bulo atalaren bidez) eta VOST Euskadi elkartea (Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea) ere bidelagun ditu albiste faltsuei aurre egiteko borrokan.