Itxi

Koronabirusa

Espainiako Gobernuak gaur erabakiko du nola utziko dieten ateratzen adin txikikoei

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Adituek ohartarazi dutenez, astelehenetik aurrera umeak ezingo dira kalera nahierara irten, neurriak jarriko baitituzte koronabirusa hedatzea saiheste aldera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Astelehenetik aurrera "adingabeen irteera kontrolatuak" nola egin ahalko diren zehaztuko du gaur, asteartea, Espainiako Gobernuak, Ministro Kontseiluan. Erabaki hori larunbatean iragarri zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta adin txikikoei etxetik irteteko aukera emango dietela aurreratu zuen, nagusi batek lagunduta eta kalean "kontuz ibiltzeko neurriak" hartuta.

Hala proposatu dute egunero hedabideen aurrean modu telematikoan agertzen diren adituek, Fernando Simon Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak, besteak beste. Kazetariei azaldu dienez, "ez da atea irekiko eta haurrak jolastera joatea baimenduko, irteera horiek kontrolatuak izango dira eta ez dute koronabirusaren arriskua handituko".

"Ez dira bere kasa aterako bizilagun guztiekin lehen egiten zuten bezala jolasten hasteko", esan du epidemiologoak, eta ohartarazpena egin du: "Jendeak uste badu neurri honekin atea irekiko dugula eta adin txikikoak auzo osoko haurrekin elkartu ahalko direla, arazoren bat izan dezakegu, ardura kontua da".

Kontuan izan behar da, gainera, hilabete eta astebeteko konfinamenduaren ondoren, umeak gaur egun kutsatuta egoteko probabilitatea oso txikia dela.

Horrez gain, Salvador Illa Osasun ministroak datozen egunetan har daitezkeen beste neurri batzuen inguruan galdetuko die adituei gaurko Ministro Kontseiluan, gaur egun ezartzea posible den edo ez jakiteko asmoz.

Hala, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, "datorren astean konfinamendua murrizten joan daitezkeen beste neurri batzuk hartzea" aztertuko du koalizio-gobernuak, astelehenetik aurrera adin txikikoak etxetik ateratzea baimendu ostean.

Ildo horretatik, Espainiako Gobernuko bozeramaileak aurreratu duenez, besteak beste, kirola banaka egiteko baimena ematea komeni den edo ez aztertzen ari dira adituak, eta Sanchezen gobernuak haien gomendioak kontuan izanda hartuko du erabaki bat edo beste.

BIDEOA | Heldu batek lagunduta aterako dira haurrak kalera, beste umeekiko aldea zainduta:

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Albisteak (5)

Bideoak (1)