Itxi

Koronabirusa

Biztanleriaren immunizazioa neurtuko duen ikerketa gaur jarriko dute abian

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Osasun Ministerioa ari da ikerketa prestatzen, baina Gobernuak ez du zehaztu datuak eskuragarri noiz izango dituen.

Jendea oinez, Gasteizen. Argazkia: EiTB

Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioa COVID-19 koronabirusaren aurrean biztanleriak duen immunizazioa balioztatzeko ikerketa prestatzen ari da. Ikerketa, berez, gaur, astelehena, jarriko da martxan. Carlos III.a Osasun Institutuak eta Estatistikako Institutu Nazionalak ere parte hartuko dute bertan.

Europa Press agentziari baieztatu diotenez, ikerketa abian dago jada hiri batzuetan, Zaragozan esaterako, nahiz eta ofizialki astelehenean ekingo dioten. Ikerketan, 60.000 pertsona aztertuko dituzte, 30.000 pertsonako bi txandatan.

Raquel Yotti Carlos III.a Osasun Institutuko zuzendaria izango du buru ikerketak, eta emaitzak aste batzuk igaro ostean jasotzea espero da. Gobernuak ez du zehaztu datuak noiz izango dituen, baina pertsonen arteko distantzia-neurriak leuntzeko erabakiak hartu ahal izateko lagungarria izango dela esan du.

Maria Jesus Montero Gobernuaren bozeramaileak esan duenez, lana erkidegoekin koordinatuta egingo da, eta ateratzen diren datuak osasun-langileen lana eskatzen duten beste test batzuekin bateratu beharko dira, sortutako antigorputzak nola dauden zehazteko.

Salvador Illa Osasun ministroak orain egun batzuk esan zuen moduan, test serologikoak biztanleria orokorrari aplikatuko zaizkio, gaixotasuna gainditu duten jakiteko eta immuneen ehunekoa zenbatekoa den jakiteko.

Bestalde, Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdi Zentroko koordinatzailearen hitzetan,  ikerketa hau "oso garrantzitsua" izango da Gobernua lantzen ari den deseskalatze faseko planteamenduak egiteko.

"Fase berrietarako oso garrantzitsua izango da benetan kutsatuen zenbatekoa jakitea, edo gutxienez estimazio ahalik eta zehatzena egitea. Datu hori garrantzitsua izango da, baina ez da iturri bakarra izango", adierazi du Fernando Simonek. 

Albisteak (3)