Itxi

Koronabuloak

Gurutze Gorriak ukatu egin du 500 euroko elkartasun-txartelak ematen ari dela

EiTB

Leer en Castellano

Espainiako Gurutze Gorriaren irudiari lotutako mezu baten arabera, erakunde horrek 800.000 laguntza ditu hala behar duten familiak elikatzeko, baina mezua faltsua da eta iruzurrezko loturak ditu.

Mezuak "eduki faltsua eta iruzurrezko loturak" ditu. Argazkia: @CruzRojaNavarra (Twitter).

Gurutze Gorriak gezurtatu egin du koronabirusaren krisiaren ondorioz 500 euroko elkartasun-txartelak ematen ari dela, sare sozialen bitartez hedatu den mezu batek dioena ukatuz. Erakundeak Twitter bidez adierazi duenez, mezu horrek "eduki faltsua eta iruzurrezko loturak" ditu.

Oraingoan, Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea (VOST Euskadi) izan da EiTBko #Koronabuloak ekimenarekin, hots, koronabirusaren gainean agertze diren albiste faltsuei eta buloei aurre egiteko egitasmoarekin, harremanetan jarri dena.

Aipatu mezuak Espainiako Gurutze Gorriaren irudia du, eta jasotzen duenari adierazten dio elikagai-ekarpen bat jaso dezakeela koronabirusaren krisiari aurre egiteko laguntza gisa. Familia osoarentzako bonuak omen dira, emakumezko, gizonezko, ikasle gazte, gurasoekin bizi diren pertsona, banandutako pertsona zein atzerritarrei zuzendutakoak, besteak beste. Ustezko laguntza 500 euroko elkartasun-txartelaren bidez iritsiko litzateke, eta Espainiako Gurutze Gorriak 800.000 laguntza baino gehiago izango lituzke, "zure familia elikatu ahal izateko".

Gurutze Gorriaren ezeztatzea

Gurutze Gorriak, zehazki Nafarroako Gurutze Gorriak, honako txio hau partekatu zuen astearte arratsaldean:

Ondorioz, phising saiakera bat da, hau da, herritarrak engainatzeko ahalegina, Gurutze Gorriaren itxurak eginez.

Mezuan agertzen den estekan sartuz gero, erabiltzailea webgune batera iritsiko da, eta bertan abisu hau jasoko du, aurrera jarraitzeko arriskuaz ohartaraziz:

Hala ere, esteka martxan dago, beraz, kontu handiz ibili behar da.

VOST Euskadi elkarteaz gain, EiTBk Maldita.es webgunea (Maldito Bulo atalaren bidez) eta (Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea) eta Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol programako komunitate zientifikoa ere bidelagun ditu albiste faltsuei aurre egiteko borrokan.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Albisteak (2)