Koronabuloak
Ez, Europar Batasuna ez da ari herritarrei elikagai-txartelak banatzen
EITB
WhatsAppeko mezu baten arabera, Europar Batasunak ustezko laguntza-programa bat jarri du abian, jendarteari elikadura-txartelak emateko asmoz. Ordea, 'phising' edo Internet bidezko iruzur saiakera da.
Europar Batasuna ez dabil elikagai-txartelak banatzen herritar guztien artean koronabirusaren pandemia bete-betean jotzen ari den honetan.
WhatsAppen zabaldu den mezu baten esanetan, Europako erakundeek 800 milioi euroko inbertsioa egin dute herritarren artean elikagaiak banatzeko. Aitzitik, mezua ez da egiazkoa, baizik eta phising edo iruzur zibernetiko kasu bat, erabiltzailearen datuak engainu bidez eskuratzea helburu duena.
Honako hau da aipatu mezua:
Iruzurrezko informazioa zabaltzen duen mezua. Argazkia: EiTB
Testuinguru horretan, hainbat pertsona jarri dira gurekin harremanetan aipatu edukiari buruz galdetzeko #Koronabuloak ekimeneko 600 900 454 WhatsApp zenbakiaren bidez, hau da, EiTBk koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei eta buloei aurre egiteko martxan jarri duen telefonoan.
Zeregin horretan, Euskal Irrati Telebistak Maldita.es webgunearen (Maldito Bulo atalaren bidez) laguntza du, besteak beste, eta horiek dagoeneko phising kasutzat jo dute mezua.
Ildo horretan, Maldito Bulok gogorarazten digun lehenengo gauza da berebiziko garrantzia duela mezuak zein helbidetara zuzentzen gaituen egiaztatzea, iruzurra dela konturatzeko gakoetako bat den aldetik. Hala, kasu honetan, nabarmena da mycupones.xyz/tarjeta-europeo/# URLa ez dagokiola "Europar Batasuneko edo Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioko erakunde ofizialei".
Behin helbide horretan sartuta, presa iradokitzen duen mezu bat aurkituko dugu ("Azkar!. Gure ardura da zuri laguntzea"). Halakoak oso "ohikoak izaten dira phishing kasuetan", Maldito Bulokoek azaltzen duten bezala. Gainera, "Eskatu" botoiari eman ostean, ustezko laguntza WhatsAppeko 15 laguni edo talderi bidaltzeko eskatzen dute, "haiek ere txartela jaso dezaten", baina ez dago ustezko laguntzaren arrastorik.
Halaber, webgunearen goiburuan azaltzen den irudia Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren ataritik dago aterata; hain zuzen ere, pertsona behartsuenei elikadura-laguntza emateko 2019ko programari buruz argitaratutako albiste batetik.
Bestalde, Maldito Buloko kideek adierazi dutenez, iruzurrezko mezuan aipatzen diren 800 milioiak "Elkartasunerako Europako Funtsaren irismena zabaltzeko proposamen bati dagozkio, osasun publikoko larrialdiei aurre egin eta COVID-19ak larriki kaltetutakoei finantza-laguntza ahalbidetzeko xedea duena", Europako Parlamentuaren webgunean zehazten denez.
Azkenik, gogorarazi behar da kasu hau ez dela #Koronabuloak ekimenetik gezurtatu dugun phising mezu bakarra, aurretik ere egin baitugu Gurutze Gorriarekin lotutako beste iruzur saiakera batekin.
Maldita.es atariarekin ez ezik, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio saioko komunitate zientifikoarekin ere ari da EiTB elkarlanean zurrumurruei aurre egiteko asmoan.