Koronabuloak
Ez, anana, limoia edo ahuakatea jateak ez gaitu babesten koronabirusaren aurrean
EiTB
Elikagaien pHak ez du aldatzen gure gorputzarena; izan ere, azken hori beti aldaketarik gabe egoten da. Hortaz, jaki alkalinoagoak kontsumitzeak ez digu laguntzen COVID-19 gaitza prebenitzen.
Alkalinagoak diren elikagaiak jateak, hau da, pH handiagoa duten jakiak kontsumitzeak, ez gaitu babesten koronabirusaren aurrean, eta ez digu laguntzen COVID-19 gaixotasuna prebenitzen.
Jaten ditugun elikagaien pHak ez du aldatzen gure gorputzarena; izan ere, azken hori beti aldaketa handirik gabe egoten da, 7.3 eta 7.45 artean; ondorioz,elikagai alkalinoagoetako dieta jarraitzeak ez du gure pHa aldatzen.
Alabaina, gure erabiltzaileek mezu jakin baten berri eman digute 600 900 454 zenbakian, EiTBk #Koronabuloak gelditzeko duen ekimeneko WhatsAppean; izan ere, mezu horrek kontrakoa adierazten du; nabarmen zabaldu da WhatsAppen eta Twitter eta Facebook sare sozialetan.
Testuak hala dio:
Guztiontzako informazioa: COVID-19a immunea da 5.5etik gorako pHko organismoen aurrean.
*BIROLOGIA zentroa, Mosku (Errusia).
Jaki alkalinoagoak kontsumitu behar ditugu, pHko gure maila igotzen laguntzen digutelako, biruari aurre egiteko.
Horietako batzuk dira:
Limoia-9.9ko pHa
Ahuakatea-15.6ko pHa
Berakatza-15.6ko pHa
Mangoa-8.7ko pHa
Mandarina-8.0ko pHa
Anana-12.7ko pHa
Laranja-9.2ko pHa
Ez gorde informazio hau zeure buruarentzat soilik. Zabaldu senideen eta lagunen artean. Zaindu, eta Jainkoak bedeinka zaitzatela.
Mezua hainbat herrialdetan zabaldu dute (Venezuelan, Afrikako zenbaitetan…), eta, bertsio bat baino gehiago du; horietako batean, Mexikoko ikerkuntza-zentro bat dago aipatuta, Monterreyko zentro bat.
Elikagai horiek kontsumitzeak ez gaitu babesten COVID-19aren aurrean
La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioak (Radio Euskadikoa da, Eva Caballerok zuzendu eta aurkezten du, eta #Koronabuloak gelditzeko ekimenean lanean dabil) mezu hau izan du hizpide, eta azaldu du zergatik dioena egia ez den. Horretarako, Guillermo Quindos EHUko Mikrobiologia katedraduna elkarrizketatu du. Entzun ahal duzu elkarrizketa osoa hemen, 42:30etik aurrera.
Adituaren hitzetan, jaten ditugun elikagaien pHak ez du eraginik gure organismoan: "Digestioa egiten dugunean, elikagaien osagaiak baliatzen ditugu, hau da, xurgatzen diren blokeak", zehaztu du, "baina barneko gure pHak aldatzen ez diren muga batzuen barruan jarraitzen du: 7.3-7.35ekoa da, 7.4 edo 7.45ekoa".
Quindosek nabarmendu duenez, beharrezkoa da gure pHa beti parametro berdinetan egotea; bestela, "arazo organiko oso handiak izan genitzake, disfuntzioak sortuko lirateke, eta gaixotasunak jasan genitzake".
"Elikagai batzuek mantenugai eta bitamina hobeak ematen dituzte, gure immunitate-sistema indartsuago egon dadin", dio adituak, "baina, kontu honetan, bitamina-osagarriekin gertatzen den gauza bera gertatzen da: hipobitaminosi-arazorik ez dutenei, ez diete inongo ekarpenik egiten".
Quindosek elkarrizketa amaitzeko esan duenez, "anana jatea gustuko duenak" (mezuko zerrendan agertzen den jakietako bat) "jan dezala, baina betekadarik egin gabe".
Maldita.es-ek ere gezurtatu egin zuen
COVID-19aren gaineko buloak gelditzeko lanetan, EiTB Maldita.es web orriarekin ere dabil; Maldita.es-ek ere gezurtatu zuen mezu hori, apirilaren 13an. "Birus guztiak hiltzen dira muturreko pHetan, azidoak zein oinarrizkoak", azaldu zion aipatu web orriari Pepe Alcami Carlos III.a Osasun Institutuko birologoak, "eta horregatik darabiltzagu lixiba eta antzeko produktuak horiek desaktibatzeko. Alabaina, gauza bat da birusa gainazaletan indargabetzea, eta oso bestelakoa organismoaren pHa igoz edo jaitsiz hura indargabetzea", gaineratu zuen.
Mezuan emandako pHak ez dira zuzenak
Maldita.es-ek zehaztu zuenez, pHa "bitarteko batek duen azidotasun edo alkalinotasun maila neurtzeko erabiltzen dugun eskala da. 0tik 14ra bitarteko balioekin neurtzen da: 0ak azidotasun mailarik altuena adierazten du; 14ak, berriz, alkalinotasun mailarik altuena".
Mezuan agertzen diren elikagaien pHak ez dira zuzenak. U.S. Department of Health & Human Serviceseko web orri hau kontsultatu dugu; horren arabera, limoiaren pHa 2.0-2.6 artekoa da (mezuak dio 9.9koa dela); ahuakatearena 6.27-6.58 bitartean dago (mezuak 15.6 ematen dio, hau da, eskalako balio gorena baino altuagoa); berakatzak 5.80ko pHa du (mezuak 13.2 dio); mangoak, 3.4-6.0 artekoa (mezuaren esanetan, 8.7); mandarinak, 3.32-4.48 artekoa (8.0 ematen diote); ananak, 3.2-4.0 artekoa (ez 12.7); eta mangoak, 3.3-4.9koa (ez 9.2).
Horrez gain, ez da datu gehiagorik ematen mezuan aipatzen den Moskuko balizko birologia-zentroari buruz, hura identifikatzeko balio dezakeenik.
Euskal Irati Telebista VOST Euskadirekin ere ari da elkarlanean, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.