Epaia
Zortzi urte eta urtebete arteko zigorrak bederatzi akusaturentzat, "Osasuna auzian"
eitb.eus
Nafarroako Auzitegiak zortzi urte eta zortzi hilabeteko espetxealdia ezarri dio Angel Vizcay klubaren gerente ohiari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalak aho batez zigortu ditu Ángel María Vizcay, Miguel Archanco, Juan Antonio Pascual, Jesús Peralta, Sancho Bandrés, Cristina Valencia, Albert Nolla, Antonio Amaya eta Xabier Torres, eta Diego Antonio Maquirriain eta Jordi Figueras errugabetu ditu, “Osasuna auzian”.
Bidegabeko jabetza, merkataritza agiriak faltsutzea, kontabilitatea faltsutzea eta kirol ustelkeria egotzita jarritako zigorrak Angel Vizcayri jarritako zortzi urte eta zortzi hileko espetxealdiaren eta Antonio Amaia eta Xabier Torrens Betiseko futbolariei kirol ustelkeriagatik jarritako urtebeteko espetxealdiaren artekoak dira.
Halaber, Osasunari 2.340.000 euroko kalte-ordaina ematera behartzen ditu epaiak zigortutakoak, klubaren diru kopuru hori bidegabe erabili baitzuten 2012/2013 eta 2013/2014 denboraldietan.
Hiru epaileek azaldu dutenez, gertakariek bi atal dituzte. Batetik, klubaren kudeaketa ekonomikoari dagozkion delituak daude, bidegabeko jabetza, merkataritza agiriak faltsutzea eta kontabilitatea faltsutzea, eta bestetik, kirol ustelkeriari dagokiona.
Klubaren kudeaketari buruz, epaiak frogatutzat eman du auziak aztertu dituen denboraldietan kondenatuek klubaren funtsen gaineko abusua egin zutela, horren jakitun zirela, eta ez zituztela bete Osasunaren estatutuek ezartzen zizkieten betebeharrak.
Kirol ustelkeriaren delituari dagokionez, magistratuok uste dute egiaztatuta geratu dela zuzendaritza batzordeko kideak zirenean kondenatuek Amaya eta Torres futbolariekin 650.000 euroko hitzarmen bat egin zutela bi partidaren emaitzak aldatzearen truke, 2013/2014 denboraldiko 37. jardunaldian Betisek Valladolid taldeari irabaztea sustatzeko eta 38. jardunaldian Osasunaren aurka galtzeko.