Koronabirusa
Eusko Jaurlaritzak Gernikako bonbardaketaren omenaldia baimendu du azkenean
Agentziak | Erredakzioa
Ostiral honetan bertan, Jaurlaritzak ekitaldia debekatzea erabakia zuen; bonbardaketaren 83. urteurrena gogoratuko dute.
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak, azkenean, baimendu egin du igandean lore-eskaintza egitea, 1937ko bonbardaketaren 83. urteurrenaren ekitaldian, udalerriko hilerrian. Ostiral honetan bertan, Jaurlaritzak ekitaldia debekatzea erabakia zuen.
Ohar batean, Gernika-Lumoko Udalak adierazi du ekitaldi-programa hasieran aurreikusita zuen bezala egin ahalko duela; nolanahi ere, ohartarazi du "kargu publikoen kopuruan muga handiagoa izango dela".
Bonbardaketaren biktimak gogorarazteko hilerrian egingo den omenaldiaz gain, Udalak beste bi ekitaldi antolatuko ditu: bata da Jose de Labauriaren omenez, alegia, bonbardaketa izan zenean alkate zegoenaren omenez; bestean, George Steer kazetari britainiarra ekarriko dute gogora. Azken hori, The Times egunkarian argitaratutako kroniken bidez, munduari gertatutakoaren berri eman zion.
Hilerriko ekitaldian Jose Maria Gorroño alkatea joango da; aurreko ostiralean bueltatu zen etxera, koronabirusagatik ospitalean 21 egun eman ondoren.
Ekitaldietan ez da herritarrik izango, eta Interneten bidez jarraitu ahalko dira. Osasun-agintariek "prebentziozko neurriak" kontuan izango dituzte, COVID-19aren kutsadurak saihesteko.