Koronabirusa
14 urteko neska-mutilak paseoetatik kanpo utzi ditu azkenean Espainiako Gobernuak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
13 urte arteko umeak bakarrik atera ahalko dira etxetik, heldu batekin batera, ordubeteko paseoaz gozatzera.
0 eta 13 urte bitarteko haurrak bakarrik atera ahalko dira bihartik aurrera, heldu batekin, gehienez jota etxetik kilometro batera eta ordubeteko paseoa ematera, Espainiako Osasun Ministerioak kaleratutako aginduak zehaztu duenez. Hortaz, 14 urteko haurrak neurri horretatik kanpo utzi dituzte.
Espainiako Gobernuko iturriek baieztatu dutenez, azkenean erabaki dute 14 urteko haurrak iragarritako paseo horietatik kanpo uztea, eta hala argitaratu du gaur Espainiako Aldizkari Ofizialak. Izan ere, diotenez, 14 urtetik gorako neska-mutilak heldurik gabe atera daitezke etxetik, esaterako, erosketa txikiak egitera, supermerkatura, banketxera nahiz farmaziara.
Espainiako Gobernuaren iritzi-aldaketa ekarri du erabaki horrek, izan ere, haurren konfinamendua malgutzeko neurriak 14 urteko umeak ere hartzen zituen hasieran, hau da, 0 eta 14 urte bitarteko adin txikikoak.