Koronabirusa
EHUk garatutako PCR testa babestu du irakasle talde batek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Diotenez, sistema alternatibo hori "arinagoa, fidagarritasun handiagokoa eta merkeagoa da", eta birusa dutenen eta ez dutenen artean bereizteko lagundu dezake.
COVID-19a atzemateko EHUk, Ikerbasquek, Achucarro Institutuak eta Biofisika Bizkaia Fundazioak garatutako PCR test alternatiboa babestu du manifestu baten bidez EHUko ikasketa anitzeko irakasle, katedradun eta ikerlari talde batek.
Agiri horren sinatzaileek diotenez, sistema alternatibo hori "arinagoa, fidagarritasun handiagokoa eta merkeagoa da", eta birusa dutenen eta ez dutenen artean bereizteko lagundu dezake.
"Pandemia jarraitzeko irizpideen gainean azalpen publikoak emateko" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, ez baita "ekimen horretaz eta EAEko ikerkuntza-zentro guztietako baliabidez aprobetxatzen ari test masiboak egiteko".
Gainera, "gure herrialdeko agintarien partetik, ekimen zientifiko hori edo horren sustatzaileak ixilarazteko edo zentsuratzeko saiakera guztiak" salatu dituzte.
Manifestuaren sinatzaileak azpimarratu dutenez, koronabirusa atzemateko metodo horri esker, "Munduko Osasun Erakundearen gomendioari jarraituta, test diagnostiko kopurua nabarmen handitu ahalko lukete". Horren aurrean, "Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren erantzuna izan da gutxitzea eta zalantza zabaltzea, baita horren inguruko aipamenak komunikabideetan ekiditen saiatzea ere".
Carlos III Institutuak oniritzia eman zion sistemari, eta Nekane Murga Osasun sailburuak atzo iragarri zuenez, euskal herritarren artean koronabirusa atzemateko beste baliabide gisa erabiliko dituzte test horiek, protokoloen bermeari, eta laginen trazabilitateari eta emaitzei begira, behin Osakidetzaren balioztatzea lortuta.