Koronabuloak
Ez, Tasuku Honjo Nobel saridunak ez du esan COVID-19a gizakiek sortu dutela
EiTB
WhatsApp bidez hedatu den mezu-kate batek dio, Honjok esan duela koronabirusa ez dela birus naturala eta gizakiek sortutakoa dela, baina bulo bat da.
Tasuku Honjo Medikuntza nobel saridunak ez du esan COVID-19 koronabirusa "fabrikatuta" dagoela eta "birus guztiz arifiziala dela", WhatsApp bidez zabaldu den mezu-kate batek baieztatzen duen bezala. Honjok lau urtez Wuhango (Txina) laborategian lan egin zuela ere gaineratzen du mezu-kateak. Bulo bat da.
Hainbat mezu iritsi zaizkigu koronabirusaren pandemian zehar agertzen diren albiste faltsuak ezeztatzeko EiTBk abiarazi duen Koronabuloak ekimenaren 600 900 454 zenbakira, mezu-kate hau zabaltzen ari dela ohartaraziz.
Hauxe da WhatsApp bidez zabaldu den mezuaren irudia:
Bulo honen jatorria @TasukuHonjo Twitterreko profilean dago, izan ere, Medikuntza nobel saridunak idatzi balu bezala hauxe txiokatu baitzuen apirilaren 24an, ingelesez: "Ez dakit koronabirusa zein helbururekin izan den sortua, baina baieztatu dezaket gizakiak fabrikatutakoa izan dela". Hala ere, @TasukuHonjo kontuak profileko argazkia eta erabiltzailearen izena aldatu zituen apirilaren 27an. "Honjo doktorearen izenean iritziak ematen dituen Twitterreko kontua iruzurrezkoa eta iraingarria da. Honjo Doktorearen izenean, Unibertsitateak kontua desaktibatzea eskatu dio Twitterri", adierazi dio Maldita.es webguneari Kiotoko Unibertsitateak. EiTB eta Maldita.es webgunea harremanetan daude egun hauetan, albiste faltsuak eta buloak antzemateko eta ezeztatzeko.
"Tristetu egiten nau nire eta Kiotoko Unibertsitatearen izenak akusazio faltsuak zabaltzeko eta desinformatzeko erabili dutela jakiteak", jakinarazi du Kiotoko Unibertsitateak apirilaren 27an publikatutako Tasuku Honjoren komunikatuaren bitartez.
Tasuku Honjok ez du inoiz Txinan lan egin, eta Estatu Batuetan eta Japonian soilik egin du lan, Kiotoko Unibertsitateko Ikerketa Aurreratuen Medikuntza Eskolako bere profilak eta Kiotoko Unibertsitateko Medikuntza Eskolaren webgunean publikatutako bere curriculumak adierazten dutenez.
Maldito Bulok adierazi digunez, ez dute aurkitu Tasuku Honjok koronabirusa gizakiek sortu dutela esaten duen elkarrizketarik, ezta adierazpenik ere.
Koronabirusaren jatorria naturan dagoela diote adituek
WhatsApp bidez zabaldu den mezu-katean esaten da birusa gizakiak sortu duela, baina osasun publikoan espezializatuta dauden eta COVID-19 koronabirusaren pandemia jarraitu duten adituek komunikatu bat publikatu dute The Lancet aldizkarian. "Herrialde ezberdinetako zientzialariek kausazko agentearen genoma aztertu dute, eta emaitzek argi uzten dute jatorria naturan duela", dio The Lancetaldizkarian publikatu den komunikatuko esaldi batek. Ohar honen helburua da, pandemiaren jatorria naturan ez dagoela esaten duten zurrumurruak ezeztatzea.
Albert Bosch Navarro Espainiako Birologia Elkarteko presidenteak hauxe ziurtatu zuen Maldita Ciencia webgunean: "Baina hau bagenekien agertu zenean. 2002an SARSa, edo 2009an A gripea, H1N1aren aldagai berria, agertu zirenean moduan gertatu da. Antzeko kasu bat ematen den guztietan beti azaltzen dira sasi-jakintsu batzuk, birusa laborategian sortu dela esaten. Dena den, gaur egun dakiguna da, saguzar mota batetik beste mota bateko erdibideko animali batera pasa zela, eta hortik gizakietara".
Ildo berean, hau esaten du Nature Medicinen publikatutako artikulu batek: "SARS-CoV-2a ez da laborategian sortutako birusa, ezta nahita manipulatutakoa ere".
Euskal Irrati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen 'La Mecánica del Caracol' dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean koronabirusari buruz agertzen diren albiste faltsuei aurre egiteko.