KORONABIRUSA
Espainiako Gobernuak alarma berriro luzatzea eskatuko du maiatzaren 10aren ostean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Luzapen berri hori konfinameduaren malgutzerako trantsizioari "behin betiko ekiteko" dela azaldu du Sanchezek.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma-egoera hamabost egunez luzatzeko asmoa duela iragarri du, maiatzaren 10ean amaituko den epearen ondoren.
Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, "normaltasun berri baterantz Trantsiziorako Plana" onartu ondoren, "deseskalatze plana" gisa ezagutzen dena, Gobernuak hamabost eguneko luzapenen "hasierako planteamenduari" eustea aurreikusten duela azaldu du. Beraz, ez du baztertzen egoera hori luzatzen jarraitzea.
Luzapen berri hori konfinameduaren malgutzerako trantsizioari "behin betiko ekiteko" dela azaldu du Sanchezek. Gobernuak horrela egin nahi du Kongresuan "kontuak emateko". Izan ere, Kongresuan onartu behar da luzapen horretarako lege-dekretua, hamabostean behin.
Gainera, Sanchezek uste du beharrezkoa dela herritarrek argi izatea Osasun Ministerioak duela "lidergoa" konfinamendua malgutzearen garai honetan, dekretu horietan ezarri den bezala, betiere autonomia erkidegoekin "partekatuta".
EH Bildu abstenitu egingo da luzapenaren bozketan
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak iragarri duenez, bere alderdia abstenitu egingo da berriro Diputatuen Kongresuan egingo den bozketan, alarma-egoera luzatzen den ala ez erabakiko denean.
Otegik gogorarazi du hasieratik ez dietela oztoporik jarri alarma-egoeraren adierazpenei, abstenitu egin direla, eta oraingo honetan, berriro ere, gauza bera egingo dutela.