KORONABIRUSA
Gasteizek kaleak eta bidegorriak handituko ditu distantzia soziala bermatzeko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2,5 metro baino gutxiagoko zabalerarekin handituko dituzte espaloiak, trafikoa baretzeko guneak egongo dira, eta bidegorri berriak sortuko dituzte.
Gasteizko Udala neurri zehatzak biltzen dituen plan bat prestatzen ari da, espaloiak eta bidegorriak handitzeko deseskalatze garaian, eta "distantzia soziala" eta "joan-etorri aktiboak" betetzen direla bermatzeko.
Amaia Barredo Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak azaldu duenez, "2,5 metro baino gutxiagoko zabalera duten espaloiak" zabaldu egingo dituzte, "trafikoa baretzeko" guneak egongo dira, eta bidegorri berriak sortuko dituzte.
Neurriak "behin-behinekoak" eta "premiazkoak" izango dira, eta "azkar" bideratuko dira, besteak beste, "konoak, balizak, hesiak eta pintura" baliatuz, egunerokora "modu ordenatuagoan" itzultzea ahalbidetzeko eta "pertsonen artean gomendatutako distantziamendua" bermatzeko.
Konfinamenduaren ondorioz, mugikortasuna % 85 murriztu da Arabako hiriburuan, eta Udalak garraio "aktibo eta jasangarria" sustatu nahi du ibilgailu pribatuaren aurrean datozen asteetako deseskalatzean. Besteak beste, ostalaritzako terrazen eta mahaien azalera handitzea ere proposatu du.
Barredoren arabera, Tuvisa hiriko autobusen garraioa kudeatzen duen udal enpresaren egoera "oso zaila" izango da, eta erabaki "zailak" hartu beharko dira. Gainera, berriro babestu du "inor kaleratu aurretik" abiatu duten aldi baterako lan-erregulazioko espedientea.