Itxi

Koronabirusa

Gizarte Segurantza faltsutzen duten posta elektronikoen iruzurrezko kanpaina bat dago

EiTB

Leer en Castellano

Hartzaileei, posta elektronikoek adierazten diete ustezko diru-itzultzea egingo dietela, baina helburu bakarra da kreditu-txartelen datuak lapurtzea.

Posta elektronikoetako eredu bat. Irudia biralizatu egin da.

Incibe Espainiako Zibersegutasuneko Institutu Nazionalak Gizarte Segurantza faltsutzen duten posta elektronikoen iruzurrezko kanpaina bat atzeman du. Hartzaileei, posta elektronikoek adierazten diete ustezko diru-itzultzea egingo dietela, baina helburu bakarra da kreditu-txartelen datuak lapurtzea, eta biktimak web orri faltsu batera zuzentzen dituzte.

Koronabirusarekin lotutako 'fake news'ei aurre egiten dien #Koronabuloak EiTBren ekimenak hainbat erabiltzaileren mezuak jaso ditu 600 900 454 WhatsApp zenbakian; izan ere, WhatsApp-en badabiltza kanpaina honen gainean ohartarazten duten audio bat eta posta elektroniko baten irudi bat.

Audioak egia kontatzen du, kanpaina benetakoa baita eta posta elektronikoak iruzurra direlako. Albiste honekin batera doan argazkiak ('fake' bat gehitu diogu irudiari, testuinguruan kokatu gabe ez zabaltzeko) posta elektroniko horietako bat erakusten du.

Internautaren Segurtasunerako Bulegoaren bidez, Incibek nabarmendu du osasun-krisiaren egungo testuinguruan, kontuan izanik Gizarte Segurantza bezalako zerbitzuetan aurrez aurreko arreta itxita dagoela eta administraritza publikoek ezohiko neurriak hartu dituztela, hau bezalako iruzurrek sinesgarritasun handiagoa dutela.

Audioak honela dio:

"Hau bidaltzen dizuet goizean Gizarte Segurantzaren posta elektroniko bat jaso baitut, esanez diru bat itzuliko zidatela; datuak sartu ditut, eta zorionez konturatu naiz, iruzurra da… Gutxigatik ez didate lapurtu 1.300 euro kontutik…

Salaketa jarri dut, baina Gizarte Segurantzak esan dit alarma deituta dagoela.

Gizarte Segurantzaren e-maila bat jasotzen baduzue, diru-itzultze bat egin behar dizuetela, ez sartu, zuzenean Gizarte Segurantza abisatu".

Ematen duen mezua benetakoa da. Bidalketa horiek egiten ari dira.

Gizarte Segurantzaren web orria faltsutzen duen esteka

Kanpaina honetan atzemandako posta elektronikoen gaia da "Gizarte Segurantzaren diru-itzultze bat bidaliko zaizu", eta igorlearen helbideak Gizarte Segurantzarena faltsutu egiten du. Erreferentzia faltsua dute, ES-A80105W, eta biktimei esaten zaie ustez txarto kobratu dieten 345,76 euro berreskuratzeko aukera dutela.

Incibek ez du baztertzen beste gai edo helbide batzuk dituzten posta elektronikoak zabaltzen ari izatea, iruzurra egiteko ere.

Iruzurrak esaten dio erabiltzaileari Gizarte Segurantzaren ordainketa baterako eskubidea duela; jasotzeko, Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoa faltsutzen duen web-helbide bat duen esteka batera sartu behar du. Esteka horrek iruzurrezko web orri batera eramaten du biktima.

Gainera, erabiltzaileari mugatutako epea ematen zaio, ustezko tramitea egiteko; horren helburua da areagotzea premiazko sentsazioa eta engainua erraztea.

Panda Security zibersegurtasuneko konpainiak gogora ekarri duenez, Gizarte Segurantzaren benetako web orria seg-social.es da; iruzurrezko kanpaina honetan erabiltzen ari diren web orriak, aldiz, amaieran 'gob.es' duen domeinua du.

Esteka hau Gizarte Segurantzarena ez dela jakiteko beste modu bat da identifikatzea posta elektronikoak 'bezeroak' esaten diela herritarrei. Horrez gain, bertan agertzen den web orriak 'https' protokoloa du, estekaren hasieran, eta Gizarte Segurantzaren benetako web orriak ez du SSL segurtasun-ziurtagiririk.

Zer egin behar dugu, iruzur honen biktimak izanez gero?

Horrelako posta elektronikoa jasota estekan sartu eta datu pertsonalak eta banku-txartelaren datuak eman dutenei, Incibek aholkatzen die ahalik eta lasterren jartzeko harremanetan banku-erakundearekin, gertaturikoaren berri emateko.

Euskal Irrati Telebistaren #Koronabuloak ekimenean, herritarrek 600 900 454 WhatsApp zenbakian abisuak uzten dituzte. Halaber, EiTB Maldita.es atariarekin, VOSTEuskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Albisteak (5)